Gipuzkoako Batzar Nagusiek, joan den urriaren 1ean Katalunian gauzatutako erreferendumaren emaitza aintzakotzat hartuz, Puigdemont presidenteak atzo Parlamentuan azaldutakoa errespetatzea eta laguntzea erabaki dute gaur. EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztutako ekimena aurrera atera da Osoko Bilkuran gehiengo osoz. Bertan adierazten denez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek “Kataluniako Errepublikaren aldarrikapena aitortu eta errespetatzen dute, eta era berean, haren eraginen behin behineko etendura onesten dute, elkarrizketaren bitartez adostutako irtenbiderako aukera delako”.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok ongietorria eman dio Kataluniako Errepublikari: “Atzo aldarrikapen bat eman zen Kataluniako Parlamentuan eta, aldi berean, denboraldi baterako etenaldia iragarri zuen presidenteak, ahal dela, elkarrizketak emateko. Nahiko genuke, desio dugu, elkarrizketetatik adostasuna etor dadin, baina ikusita Espainiako Gobernuak zein jarrera duen, beldur gara saiakera hau ere antzua izango dela, beste asko izan diren bezala. Hala eta guztiz ere, beste behin saiatzea ez dago gaizki, eta horregatik errespetatzen dugu Kataluniako Parlamentuan egindako adierazpena”.

EH Bilduk eta EAJk elkarrekin sinatu duten ekimena – Podemosen ebazpen proposamen bati egindako zuzenketa – bost puntu ditu, eta bertan, Kataluniako Errepublika aitortzeaz gain, Batzar Nagusiek adierazten dute “Euskal Herriak, Kataluniak eta diren gainontzeko herri guztiek, subjektu politiko eta juridiko gisa, erabakitzeko eskubidea dutela”. Era berean, aldarrikatzen dute “erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena dela”.

Zentzu honetan, Xabier Olanok azpimarratu du: “Herri bezala zer izan nahi dugun erabakitzeko eskubidea dugu, eta EH Bilduk beti defendatuko du herritarrok gai politiko, ekonomiko eta sozialetan kontsultatuak izateko eta adierazitako borondatea errespetatua izateko eskubidea dugula”.

Azkenik, azaroaren 5ean Gure Esku Dago herri ekimenaren eskutik gauzatuko diren herri-kontsultei babesa adierazi diete Batzar Nagusiek, aldarrikapenetik gauzatzera igarotzeko ekimenak balorean jarriz.