Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbidek eta Bidegiko zuzendari nagusi Alfredo Etxeberriak gaur aurkeztu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan banka komertzialarekin berritutako mailegu berria. EAJko arduradunak oso pozik agertu dira eta ziurtatu dute berritze horri esker Foru Aldundiak 35 milioi aurreztuko dituela. Triunfalismo horren aurrean, EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, Diputazioko arduradunei eskatu die kea ez saltzeko, eta esan du Bidegiren egoera ekonomikoa kezkagarria dela, interes tipoen arabera dagoelako

Xabier Olanok gogoratu du Bidegiren esplotazioa defizitarioa dela eta egoera finantzarioa ez dela ona, bere garaian EAJko Gobernuak egindako zorpetze operazioa oso zama astuna delako (960 milioi eurokoa). Beraz, gaur egun Bidegiren egoera ekonomikoak delikatua jarraitzen du izaten, eta Aldundiko arduradunei eskatu die zuhurtziaz eta erantzukizunez jokatzea diru publikoarekin. Horretarako, gardentasuna behar dela azpimarratu du: “Datuak ezin dira agertu modu interesatu batean; herritarrei errealitatearen egiazko erradiografia eman behar zaie”.

Bozeramaileak azaldu du Bidegiren egoera finantzarioa trafikoaren eboluzioak eta Euriborrak baldintzatzen dutela. Momentu jakin honetan, datuak hobeagoak dira interes tipoak negatiboan daudelako, baina jakina da jada hasi direla igotzen, eta aurreikuspen guztien arabera, gora egiten jarraituko dutela hurrengo hamarkadan. Hori guztia kontutan izanda, Euriborraren eboluzioak ezegonkortu ditzake Bidegiren kontuak, eta arduradun publiko batek ezin du errealitate hori ezkutatu.

“Diputatuak nahi izan duen informazioa eman du eta, komeni ez zitzaiona, ezkutatu egin du”, esan du EH Bilduko bozeramaileak. Zentzu honetan, bere kezka adierazi du, Bidegiren zailtasun ekonomikoak handiak direlako.