EH Bilduk Gipuzkoako Garraio Agintaritzari eskatuko dio aurrera pausuak eman ditzala MUGI txartela hobetzeko. Koalizioak beharrezkoa ikusten du 2018rako tarifetan neurri batzuk hartzea garraio publikoaren sarea erakargarriagoa egiteko. Horregatik, hainbat proposamen eramango ditu Agintaritzaren hurrengo bilerara. Hobekuntzen artean, adibidez, doakotasuna eskatzen da 6 urte arteko umeentzat; hilabetean 51 bidai baino gehiago egiten dutenentzat eta ibilgailu-aldaketak egin behar dituzten erabiltzaileentzat. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen desoreka orekatzea eskatu du EH Bilduk.

Gipuzkoan, 2013an, Garraio Agintaritza osatzen duten administrazio publikoek Mugi txartela sortu zuten, garraio publikoari bultzada emateko helburuarekin. Aurtengo legealdian, baina, Foru Aldundiak ez du aurrera pausorik eman, eta ez du neurririk hartu garraio publikoaren erabilera handitzeko. Izan ere, tarifa laua Foru Gobernuaren programan neurri izar bezala agertu arren, ez dute horri buruz hitzik esan. Eta ez hori bakarrik, Diputazioaren kudeaketa kaxkarraren ondorioz, gaur egun, MUGI txartel anonimoa duten gipuzkoarrek beste lurraldeetako erabiltzaileek baino gehiago ordaindu behar dute Gipuzkoan.

Horregatik, EH Bilduko ordezkariek proposamen bat eramango dute Garraio Agintaritzaren hurrengo bilerara, ondoko proposamenekin:

- Doako ibilgailu-aldaketak: Gaur egun, MUGIko erabiltzaileek, garraiobide merkeenaren tarifaren % 25 ordaintzen dute ibilgailu-aldaketetan. Hori lortzea aurrerapausoa izan zela aitortuta ere, 2018an ibilgailu-aldaketak debaldekoak izatea lortu beharko genuke.

- Doako garraio publikoa, 6 urte bete arte: Euskotrenek, 2017an, erabaki zuen umeek -6 urte baino gutxiagokoek- tarifarik ez ordaintzea; Gipuzkoako Garraio Agintaritzaren barruan dauden gainerako garraioek (Lurraldebus eta udal autobusek), ordea, ebatzi zuten 5 urte baino gutxiagokoek soilik ez ordaintzea. Horrek ez dauka ez hanka ez bururik. Agintaritzako garraio guztiek baldintza berberak ipintzea lortu behar dugu.

- Azkeneko bidaiaren doakotasuna: Zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta tarifa merkeagoa ordaintzea da Mugi txartelaren ezaugarrietako bat. Hori horrela, baldin eta bidaiariak, hilean, 51 bidaia egiten baditu, % 90eko hobaria izan dezake. Aldiz, guk %100eko hobaria proposatzen dugu.

- Euskal Autonomia Erkidegoko txartelen arteko desoreka kentzea: Mugi txartel anonimoa erabiltzen duten gipuzkoarrek bizkaitar eta arabarrek baino prezio garestiagoa ordaintzen dute Gipuzkoan autobusa eta trena erabiltzeagatik. Hori ez da onargarria.