EH Bildu taldeak Katalunia eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen alde aurkeztutako mozioa onartu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek, Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran. Mozioak adierazten duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek babesten dute Katalunia zein Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna. Gainera, Foru Aldundiari eskatzen diote aurrerapauso sendoak emateko, euskal herritarrek ere, katalandarrek bezalaxe, beraien etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko aukera praktikoa izan dezaten.

EH Bilduren proposamenak EAJren eta Podemosen aldeko bozka jaso du eta gehiengo osoz onartu da. Horretaz gain, EAJ, EH Bildu eta Podemos taldeek aurrera atera dute Kataluniako prozesuari babesa emateko beste ebazpen bat; kasu honetan, aurreko astean Eusko Legebiltzarrean onartutako proposamen berdina izan da

Bere diskurtsoan, Xabier Olano bozeramaileak babestu du “bere bide propioa egiteko Kataluniako Gobernuak erakutsitako borondate irmoa”, eta azpimarratu du Kataluniako herritarren jarrera “txalogarria eta eredugarria” izan dela: “Irabazi egin dute. Oztopoak baino ez dizkiete jarri, dagokien erabakitzeko eskubidea ez zezaten egikaritu, baina Espainaiko Estatuak jarritako traba guztien gainetik, duintasun eta tinkotasun osoz, kalera atera dira, euren botoa eman eta ondokoen boto eskubidea defendatzera. Beti ere, modu baketsuan”.
Espainiako Estatuak erakutsitako jarrera, aldiz, gogor kritikatu du: “Indarra erabili dute modu baketsuan beren botoa baino eman nahi ez zuten herritarren aurka. Beste behin ere, nazioarteko begien aurrean agerian geratu da Espainiakoa ez dela demokrazia homologagarria”.

Azkenik, Xabier Olanok gogoratu du Euskal Herrian ere zenbait urrats eman izan direla gizarte mugimenduak bultzatutako dinamikari esker. “Milaka eta milaka herritarrok aukera izan dugu erabakitze-eskubidea gauzatzeko ariketa herritarretan parte hartzeko. Etorkizunean, herri eta eskualde gehiagok erabakitze-eskubidea gauzatzeko aukera izango dute”.

Beste alde batetik, EAJ-PSEk osatzen duten Gobernuak berriro ere erakutsi du ez duela adostasunetara iristeko ez gaitasunik ez borondaterik, eta Gipuzkoa hobetzeko EH Bilduk aurkeztutako 56 ekarpenetatik, 6 besterik ez ditu onartu.