Gipuzkoako EH Bildu taldeak 56 mozio aurkeztu ditu Batzar Nagusietako Politika Orokorreko Osoko Bilkurarako. Momentu politiko honetan, EH Bilduk ezinbestekotzat jo du Kataluniako egoerari buruzko ekimen bat aurkeztea. Horregatik proposatu du Batzar Nagusiek babestea “Katalunia zein Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna”. Gainera, dei egiten du “aurrerapauso sendoak emateko, euskal herritarrek ere, katalanek bezalaxe, beraien etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko aukera praktikoa izan dezaten”.

Horretaz gain, arlo sektorialetako mozioak aurkeztu ditu koalizioak, euskara, berdintasuna, justizia soziala, ingurumenaren babesa eta garapen sozioekonomiko iraunkorraren aldeko politikak proposatzeko, besteak beste. Zehazki, EAJ-PSEren Foru Gobernuak egindako murrizketa sozialak baztertzeko hamaika ekimen aurkeztu ditu. Bertan eskatzen da, adibidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza berreskuratzea; Gizarte Politikako Mapa betetzea zahar egoitzetako itxaron zerrendan dauden 954 pertsonei plaza bat emateko; Kabia erakundearen Foru Araua betetzea edo adinekoen zentroetako langileen eskubideak babestea hitzarmen berriaren negoziaketetan. Berdintasunaren arloan, lau mozio aurkeztu dira eta indarkeria matxistari aurre egiteko plan baten beharra azpimarratzen da.

Bestetik, garraio publiko eta sostengarriaren sarea hobetzeko sei neurri eskatu ditu EH Bilduk: bidegorrietara bideratzen den inbertsioa handitzea; tarifa laua ezartzeari buruzko txosten bat; Renferen integrazioa txartel bakarrean edo Mugi txartela erabil ahal izatea Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko garraio publikoetan, besteak beste.

Enplegu duina sortzeko politika integrala eta industria eta nekazaritza suspertzeko neurri zehatzak proposatzen dira beste lau mozioetan, eta fiskalitatearen arloan, lau ebazpen aurkeztu dira. Besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zaio iruzurraren kontrako inbertsioa handitzea eta, “atzerapen gehiagorik gabe, zerga erreformaren proposamenaren eztabaidari berehala heltzea, beti ere ekitatea, progresibitatea, berdintasuna, gardentasuna, nahikotasuna eta birbanaketa printzipiotan oinarritutako zerga erreforma garaiz onartu dadin”.

Urbaser enpresari esleitu zaion erraustegiaren eraikuntza baztertzea eta gaikako bilketaren aldeko apustua egiten du EH Bilduk bere ekarpenetan, eta partaidetza, baso politika, ekarpen legea, bakea eta bizikidetzarako akordioak, kartzela politika edo errefuxiatuei buruzko mozioak ere aurkeztu ditu taldeak.

Gipuzkoako Batzar Nagusietako taldeek mozioak aurkezteko epea atzo bukatu zen. Ekarpenak eztabaidatuko dira urriaren 3an izango den Politika Orokorreko plenoaren bigarren saioan.