Gipuzkoako Batzar Nagusietan urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkura izan da gaur. Momentu politiko honetan, EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, ezinbestekotzat jo du Kataluniako egoerari buruzko hausnarketarekin hastea bere hitzartzea. Lehenik eta behin, Kataluniako herria zoriondu nahi izan du erabakitze eskubidearen aldeko hautua egiteagatik. Bigarrenik, Espainiako Estatuaren eraso antidemokratikoa salatu du eta, azkenik, Markel Olano diputatuari galdetu dio: “Non dago une honetan EAJ eta PSEren Foru Gobernua? Demokraziarekin ala inposizioarekin?” Bere diskurtsoan, diputatu nagusiak esan du Kataluniarekin dagoela, baina diputatu nagusi ordeak esan du ezetz. “Ez dakigu Gobernu krisiaren hastapena den edo pose hutsak diren. Esaten denak baino gehiago egiten denak erakutsiko digu postureoak nola bukatzen duen”.


Gipuzkoara etorrita, EH Bilduri kezkagarria iruditu zaio Markel Olanoren diskurtsoa, “argi utzi duelako Foru Gobernuak ez dakiela akatsaz ikasten, eta aurrera jarraituko duela orain arteko politika zaharra eta eskuidarrarekin. Mantenduko ditu orain arte egindako murrizketa sozial guztiak eta mantenduko ditu Gipuzkoa desindustrializaziora eramaten ari diren neurriak. Beraz, horrela ez ditu herri honek dituen arazoak konponduko”.


Horregatik, Xabier Olanok hainbat neurri eskatu ditu: zerga-erreforma abiatzea eredu fiskal aurrerakoia eta juxtua izateko; zerga iruzurrari eraginkorki aurre egiteko baliabide gehiago jartzea; Gizarte Politikako Mapa betetzea egoitzetako itxaron zerrendan dauden 960 pertsonei plaza bat emateko; udalei bueltatzea Etxez-etxeko Laguntza zerbitzua finantzatzeko kendu zaien dirua (3,7 milioi) edo Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza berreskuratzea (5 milioi euro), besteak beste.


“Bere diskurtso triunfalistan, Markel Olanok ahaztu egin ditu langabetuak, enpresa txiki eta ertainak, mendekotasuna dutenek, gure industriako langileak eta abar luze bat. Horiek aipatu ordez, esan du Gipuzkoan dena oso ondo dagoela, zeharo konbentzituta dagoela gauzak ondo egiten ari dela eta oso baikorra dela”. Zentzu honetan, Xabier Olanok adierazi du “horrelako baieztapenak errealitatetik kanpo dagoen pertsona batek bakarrik egin ditzakeela. Errealitateari bizkarra emanez ezin da gobernatu. Arazoak ez baitira bakarrik konpontzen”.
Horregatik, EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, “etsigarria da Foru Gobernuaren gaitasun eza herritarrok ditugun errokei erantzuteko. Murrizketa sozialak eta industriaren gainbeherak argi erakusten dute gaitasun falta hori. Laburbilduz, EAJ eta PSEren arteko gobernua mamirik gabeko gobernua da. Autobonborako eta diru publikoarekin marketing kanpainak egiteko gaitasun handia du, baina lanerako, akordiorako eta kudeaketarako gutxi”.