EH Bilduk erraustegirik gabeko hondakinen kudeaketaren aldeko konpromisoa berretsi du gaur, eta azpimarratu du Zubietako azpiegituraren eraikuntza bertan behera uzteko erabakia berme juridiko guztiekin eta legitimitate demokratiko osoarekin hartu zuela aurreko Foru Gobernuak. Erraustegia eraikitzeko proiektua gelditu egin zen bi arrazoi nagusiengatik: osasun publikoa babesteko eta diru publikoaren zarrastelkeria ekiditeko. Zentzu honetan, Iban Asenjo batzarkideak gogoratu du Gipuzkoako herritarrok ari garela ordaintzen, oraindik ere, gastatu gabeko kredituen interesak benetan inbertituta baleude bezala. Horien arduradun nagusiak, Karlos Ormazabal, orduan presidentea, eta bere ordezko Denis Itxaso izan ziren 2011. Urtean.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak swap-en inguruan eta gipuzkoarrok ordaindu beharko dugunaren inguruan egin duen 2015eko Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren fiskalizazio-txostena aurkeztu da gaur Batzar Nagusietan. Txosten horrek aztertzen du Zubietan erraustegi bat eraikitzeko onartutako lehenengo proiektuaren ondorio ekonomikoak.
EH Bilduk berretsi du aurreko legealdian hartutako erabakiak segurtasun juridiko eta berme guztiekin hartu zirela, Administrazio bezala herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatzeko bi esparruetan: osasuna eta diru publikoaren babesa. Izan ere, zaborrak erretzea gaixotasunekin lotzen duten hainbat ikerketa daude, eta erraustegia egiteko 2011n sinatutako baldintza ekonomikoak erabat kaltegarriak ziren herritarrentzako.
Zentzu honetan, Iban Asenjo batzarkideak gogoratu du EAJ eta PSEko GHKko aurreko arduradunek, swap-ak sinatzearekin, bankuen menpe utzi zituztela Gipuzkoako erakundeak, erraustegia martxan jartzea blindatzeko eta atzera ezina izateko asmoz.
Izan ere, gipuzkoarrok, oraindik ere, ordaintzen ari gara beharrezkoa ez zen eta gaindimensionatuta zegoen proiektu hura. Horrek EAJ-PSEren zuzendaritzaren kudeaketa txarra agerian uzten duela iristen dio EH Bilduk, hauek diru publikoarekin arinkeriaz eta arduragabe jokatu zutela gizarteak horrenbeste baztertutako erraustegia inposatzeko.
Hala ere, EH Bilduko batzarkideak gogoratu du 250 milioi euro aurreztuko direla Zubietan egitekoak ziren azpiegitura ez egitearen aldeko hautua egin zuelako EH Bilduk. Aurreko Foru Gobernuak gelditu egin zuen Zubietako errauskailua, horrekin batera erakutsiz hondakinek badutela bestelako kudeaketa bat.
Beste alde batetik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren txostenak azaltzen du 2015ean 20.000 euroko kaleratze indemnizazioa ordaindu zitzaiola GHKko aurreko zuzendariari. José Ignacio Asensio diputatuak gaur aitortu duen bezala, indemnizazio hori bere agintaldian eta onarpenarekin ordaindu zen. Zenbateko egokia izan zen edo ez Epaitegiek argitu beharko dute.