Gipuzkoako Batzar Nagusiek gaitzetsi egin dute Espainiako 2017rako Aurrekontu Orokorren proiektua, PPk onartuko duena EAJren babesari esker. EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta PSEk aurrekontu proiektuaren kontra bozkatu dute gaurko Osoko Bilkuran, azken urteotako “berdintasunik eza” sendotzen dutelako, herritarren beharrei erantzuten ez dietelako eta “murrizketak” bere horretan uzten dituelako. EAJk, aldiz, Madrilgo PPrekin egindako akordioa defendatu du. EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanoren hitzetan, “EAJk babestuko duen 2017ko Aurrekontu Proiektua kaltegarria da oso Euskal Herrirako eta batez ere Euskal Herrian bizi garen herritarrontzako”.


Maiatzaren 19an, EH Bilduk, Podemosek eta PSEk bat egin zuten Eusko Legebiltzarrean Rajoyren aurrekontuen aurka. EH Biduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu du Gasteizen onartutako adierazpena, eta onartua izan da berriro ere.


Xabier Olanok adierazi duenez, “EAJk aurrekontu antisozial batzuk babestuko ditu, murrizketetan eta austeritatean oinarritutakoak. Baina ez hori bakarrik, Europako alderdirik ustelena babesten eta zuritzen du; ez baita ahaztu behar PPk 850 kargu publiko dituela ustelkeriagatik inputatuak”. Gainera, azpimarratu du “PP eta Mariano Rajoy unerik txarrenak bizitzen ari direnean, ustelkeria kasuekin setiatuta daudenean eta herritarren artean irudirik txarrena dutenean, EAJ beraien salbatzaile gisa agertzen dela. Aurrekontu akordio honen bidez, Rajoyren gobernua egonkortasun nahikoarekin arituko da hurrengo bi urteotan. Horixe da EAJri eskertu behar dioguna: PP oraindik eta denbora gehiagoan jasan behar izatea”.


Bestetik, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Mariano Rajoyren eta haren gobernuaren dimisioa eskatu dute. EH Bilduk babesa eman dio Ahal Duguk aurkeztutako ekimenari, PSE abstenitu egin da eta EAJk kontra bozkatu du. Xabier Olanok adierazi duenez, “EH Bildutik, ez diogu ezer eskatu nahi Espainiako gobernuari, ezer eskatzekotan, bakean eta libre gure bidea egiten utz gaitzala eskatuko genioke. Hori bai, Rajoy gobernutik kentzeko gure esku dagoen guztia egiteko prest gaude”.