Foru Aldundiak eta herrialdeko Tokiko Garapen Agentziek elkarlanerako akordio bat sinatu dute gaur Gipuzkoa Sarean proiektuaren baitan. Aurreko legealdian garatutako harreman eredu berri baten eraikuntza prozesuaren hurrengo urratsa den heinean, EH Bilduk positiboki baloratu du ekimen hau eta hitzarmena ahalbideratzen ari da, baina ikuspegi kritikoa ere adierazi du. Izan ere, badira puntu kezkagarri batzuk eta hobetzeko tarte handia eskaintzen dituztenak. Zehazki, tokiko garapena sustatzeko akordioaren ikuskera partziala, goitik beherako eskema, finantzazio konpromisorik eza eta aniztasun falta kritikatu ditu EH Bilduk.
Koalizioak azpimarratu du lurralde kohesioak behar duen garapen ereduak 5 atali erantzun behar diola, proiektuan aipatzen den bezala: ekonomikoa, sozio-kulturala, politiko-instituzionala, ingurumena eta pertsonen garapen integrala. Gaur sinatutako hitzarmenak, aldiz, soilik lehen alderdiari erantzuten dio. Beraz, aukera ona galdu da, behingoz, lurralde garapenari modu integral batean heldu eta ekiteko.
Bestetik, hitzarmenaren klausulek ezartzen dute Foru Aldundiari dagokiola lurraldearen ikuspegi orokorra ematea, eta horrekin lerrokatuta egon beharko direla eskualdeetan garatu beharko diren proiektuak. EH Bilduk ez du bat egiten asmo horrekin. Lurraldearen ikuspegi orokorra behetik gora osatu behar da eta eskualdeek beraien eremuan estrategikotzat ikusten dituzten proiektuak garatzea ahalbideratu beharko luke hitzarmenak. Gainera, finantziazioaren zehaztapenik ez dago,beraz, asmoak eta proiektuak gauzatuko diren bermerik ez dago.
Azkenik, legealdi honetako bi urteko ibilbide honetan, proiektu hau sendotuko lukeen aniztasun politikoaren babesa ez da inondik inora landu, eta hitzarmenean falta da lurralde garapenerako ezinbestekoak diren agenteen elkarlana (sindikatuak edo arlo akademikoko eragileak, besteak beste). Beraz, Garapen Agentziekin elkarlana bai, behetik gorakoa eta integrala.