Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek bi agerraldi eskaera aurkeztu dituzte Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako batzordean: Alde batetik, Usurbilgo Ingemar enpresaren langileen ordezkaritza bat gonbidatu dute, zuzen-zuzenean ezagutzeko planta zer egoeran dagoen gaur egun. Bestetik, Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko diputatuaren agerraldia eskatu dute, argitu dezan zein neurri aurreikusten dituen Aldundiak enpresa horren etorkizun iluna argitzeko.

Maiatzaren 30ean, bi alderdietako batzarkideak Ingemarreko langileen ordezkariekin bildu ziren, planta horretako langileak gaur egun oso egoera zail eta kezkagarrian daudelako. Langileek enpresaren bideragarritasunean sinesten dute, eta Kutxabanki Ingemar ez ixteko eskaera egin diote.

Gipuzkoako Foru Aldundiak interesa erakutsi zuen, urte hasieran, planta horren jarduerak jarrai zezan modu erabakigarrian lan egiteko, “inplikatutako beste aktoreekin batera, jarduera ekonomikoa eta lan-postuak berpizteko Usurbilen”.

Horregatik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk bai langileen bai diputatuaren agerraldiak eskatu dituzte Batzar Nagusietan, egungo egoeraren irakurketa jasotze aldera eta, zuzen-zuzenean, ezagutzeko zeintzuk diren Diputazioak orain arte aurrera eramandako neurriak eta zein pausu gehiago aurreikusten dituen Gipuzkoako enpresa horren etorkizuna bermatzeko.