Gipuzkoako EH Bilduko taldeak bere kezka adierazi du Aldundiak agertu duen jarreragatik Pasaiako badiako obretan egon diren irregulartasunen aferan. Marisol Garmendia diputatuak Batzar Nagusietan gaur egindako agerraldian, argi geratu da agintariaren pasibotasuna eta desinteresa. Izan ere, jarraipen eta kontrol eza aitortu ditu bai obraren kudeaketan bai ikerketa judizialaren bilakaeran. “Gaia serioa da eta oso kezkatuta gaude. Diru publikoaren erabilerari buruzko azalpen argiak, jarraipen zorrotza eta gardentasuna eskatu diogu diputatuari, baina bere erantzukizuna ez balitz bezala jarduten du”, adierazi du Nora Galparsoro batzarkideak.

EH Bilduko ordezkariak gogoratu duenez, San Pedroko lonjako lanak susmopean daude 2016tik. 7 milioiko gain-kostua atzeman zuten, eta ez hori bakarrik. Aurrekonturik eta kontraturik gabeko lanak salatu zituzten, baita baimendu gabeko gastuak ere. Fiskaltzak salaketa jarri zuen epailearen aurrean eta sei delituren zantzu aipatu zituen: prebarikatzea, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea. Aurrekari horietaz gain, azken berriek diote obrak egiten dituen enpresak kontratuaren erresoluzioa eta beste 8,2 milioi erreklamatzen dizkiola Agintaritzari.

Hori dela eta, EH Bilduk Marisol Garmendiaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, azalpenak eman ditzan. “Diputatuak aitortu du obraren kudeaketa negargarria izan dela Portuko Agintaritzen aldetik, eta hor gelditu da, inongo erantzukizunik izango ez balu bezala. Gogoratu behar dugu Marisol Garmendia arduradun instituzionala dela, eta betebeharrak dituela”, azpimarratu du Galparsorok.

Zentzu honetan, adierazi du “erantzukizun penalak, ekonomikoak edo politikoak ote dauden argitu beharko du diputatuak, eta, demanda berriaren harira, zein neurri aurreikusten dituen. Gainera, obrak egiten dituen enpresak berak demanda idatzian aitortzen du lanak geldirik daudela. Beraz, zer egiten ari da Aldundia egoera honen aurrean? Diputatuak gardentasuna bermatu beharko luke eta informazio guztia herritarren, alderdi politikoen eta epaitegien esku jarri. Inork ez du erantzukizunik hartu bere gain eta egoerak okerrera egiten jarraitzen du”. EH Bilduko ordezkariak, gainera, ohartarazi du “egoera honen luzatzeak oraindik areagotu dezake enpresak eskatzen duen kalte-ordaina, eta horregatik premiazkoa da behar diren erabakiak hartzea”.