Gure Esku Dago taldeak antolatuta, maiatzaren 7an, Gipuzkoako 16 herrietan egingo diren galdeketen aldeko ebazpena onartu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Bertan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute eta prozesuan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. EH Bilduko bozeramaile Xabier Olano pozik agertu da lortutako akordioagatik eta bere konpromisoa adierazi du erabakitzeko eskubidearekin: “Animatu nahi ditugu herritarrek parte har dezaten. Gero bakoitzak libreki eta demokratikoki erabakiko du parte-hartze hori zer zentzutan doan: batzuk alde bozkatuko dute, besteek aurka; guztiak dira errespetagarriak, baina parte hartzeko eskubide hori eta ariketa hori, uste dugu babestu eta bultzatu beharrekoa dela”.

EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztu dute ekimen hau, martxoan egin zuten bezala. Osoko Bilkuran, bi indar politiko nagusiek ordezkaritza zabala izan arren (Ganbararen % 69) Xabier Olanok beste batzarkide taldeak ere gonbidatu ditu aldeko bozka ematera, “proposamena oso zentzuzkoa, oso errespetuzkoa eta oso demokratikoa delako”. Zoritxarrez, PSEk eta PPk erakutsi dute ez daudela herritarrei hitza emateko prest. Podemosek, aurrekoan ez bezala, ebazpenaren alde bozkatu du.

Xabier Olanoren hitzetan, “egungo markoan, Estatu espainolaren menpe, euskal herritarrok eskubideak mugatuak ditugu. Ezin dugu libreki gure etorkizuna erabaki, ezta herritarrei ofizialki galdetzen. Ukazioen zerrenda luzea da: Ilunbeko erabilpenari buruz galdetzea ukatu nahi zaio Donostiako Udalari. Itsasoko herritarrek udalerri izateko erabaki argia hartu arren, oztopoak jarri nahi zaizkie Madrildik. Beste kasu batzuetan, eragozpenak Gipuzkoako agintariek ezartzen dituzte. Donostiako pasantea eta errauskailua, adibidez, gai tabuak dira EAJ eta PSErentzat, eta inposatu nahi dira inolako galdeketa zehatzik egin gabe. Adibide batzuk besterik ez, erabakiak hartu aurretik herritarrei galdetzeko ohitura egokia izango duen Euskal estatu burujabearen beharra