Gipuzkoako Foru Gobernuaren gardentasun eza agerian geratu da gaur Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran. Izan ere, EAJk eta PSEk bere gehiengo osoa erabili dute oposizioak jasotzen duen informazioari trabak jartzeko. Alde batetik, aldatu egin dute zordunei isunak barkatzeko prozedura, aurretik oposizioari informatzeko betebeharra ezabatzeko. Bestetik, blokeatu egin dute aurrekontuaren jarraipenerako kontrol batzorde bat sortzeko aukera. EH Bilduren ustez, EAJ-PSEren gobernatzeko modu iluna kezkagarria da, etengabeko atzerabideak jartzen dituztelako.
Gipuzkoako Batzar Nagusiek aldatu egin dute zordunei isunak barkatzeko prozedura, EAJ eta PSEren aldeko botoekin. Hainbat moldaketa teknikoen artean, 6.000 eurotik gorako zehapenak edo isunak barkatzeko araua aldatu dute. Zehazki, Gobernuak kendu egin du barkamena onartu aurretik Batzar Nagusiei informatzeko betebeharra. Modu horretan, Diputatuen Kontseiluak barkatu ditzake isunak, grazia bidez, oposizioko alderdiek aurre jakinarazpenik izan gabe.


EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok adierazi duenez, “horrek agerian uzten ditu, berriro ere, EAJ-PSEren gardentasun eza eta atzera pausoak. Garai ilunetara itzuli nahi izatea oso kezkagarria da, are gehiago, kontuan hartuz Markel Olano diputatu nagusiak zergen isunen barkamenarekin dituen aurrekariak”. Zentzu honetan, gogoratu du Markel Olanoren aurreko gobernuak pertsona fisikoei eta elkarte batzuei barkatutako milioiak modu “irregularrean” barkatu zirela Herri Kontuen Epaitegiaren arabera eta auzi hori epaitegietan jarraitzen duela.
Gainera, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek elkarrekin aurkeztu dute aurrekontuen exekuzioaren kontrola eta segimendua egiteko azterketa-batzorde bat sortzeko eskaera, baina EAJk eta PSEk blokeatu egin dute ekimena.


Xabier Olanok azaldu duenez, “momentu honetan, Administrazio publikoek izugarrizko mesfidantza sortzen dute herritarrengan, eta ez da harritzekoa. Izan ere, etengabe ikusten ari gara ustelkeri kasuak, xahubideak, diru-publikoaren erabilera okerra, iluntasuna kudeaketan, etabar. Guzti honen aurrean, herritarrek eskatzen digute iraganeko kudeaketa modu ilun horiek alde batera utzi eta kontrol tresna berriak ezartzea instituzioetan. Horregatik, bide honetan sakondu nahian, Foru Gobernuari eskatu diogu gauza oso sinple bat: gardentasuna, informazio periodikoa eta Batzar Nagusi hauen kontrola areagotzea onartzea”.


Bestetik, Ernesto Merino batzarkideak salatu du Foru Gobernuak 13 hilabeteko atzerapenarekin bidali duela Batzar Nagusietara Kabia Erakunde Autonomoari buruzko derrigorrezko ebaluazio txostena. Txostenean, gainera, Maite Peña diputatuak gezurra esaten du, Diputazioak udal-egoitzak bereganatzeko egutegia betetzen ari dela adierazten duenean. Merinok gogoratu du Kabiaren Foru Arauak 2015-2016 epealdian 11 egoitza integratzeko derrigortasuna ezartzen duela. Momentuz, baina, lau zentro besterik ez ditu bereganatu Aldundiak. Beste zazpi falta dira, beraz. “Foru Gobernuak, beraz, legalitatea urratu egin du eta, gainera, foru diputatu batek gezurra esan dio Gipuzkoako Batzar Nagusiei. Benetan, larria da”.