Gipuzkoako diru-bilketa eta iruzur fiskalari buruzko datu kaxkarrak kezkagarriak direla adierazi du gaur EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok, eta zerga politika huts egiten ari dela eta, erreforma fiskal sakona eta osoa eskatu du. Foru Ogasuneko diputatuak, aldiz, gaur egungo egoerari buruzko irakurketa triunfalista egin du, errealitatearekin bat egiten ez duena, partziala eta lekuz kanpokoa.


“Ez gatoz bat inolaz ere Foru Gobernuak egin duen hausnarketarekin, 2013an egindako Kontrarreforma Fiskalak ez baitu funtzionatu Gipuzkoan”, esan du EH Bil-duko bozeramaileak. Zentzu horretan, datuekin argitu du 2016 urterako Diputazioak bere buruari ezarri zizkion diru-bilketa helburuak ez direla inondik inora bete. Era berean, nabarmendu du askoz iruzur gutxiago azaleratu dela. “Beraz, nekez esan dai-teke helburuak bete direla justu datuek kontrakoa esaten dutenean”.


Pertsona Fisikoen gaineko errentari dagokionez, EH Bilduren ustez justu eta progresiboa ez den sistema bat eusten ari da eta, horren ondorioz, lan errentak dira zerga bilketaren zutabe nagusia. Izan ere, bere pisua gero eta handiagoa da sisteman. Sozietateen gaineko Zergaren pisuak, aldiz, beheranzko joera du, kontrarreformak ez zuelako eragin positiborik izan. Negatiboak bai, ordea. Horregatik, aldaketak ezarri egin behar direla defendatu du Xabier Olanok, orain ez duelako biltzen bildu beharko lukeena. Ondasun eta Fortuna handien gaineko zergan sakontzea ere defendatu du, ekitatearen bidean, aberastasun eta fortuna handi guztiek bere ekarpena egin dezaten.