Pasaiako badiako obretan egon diren irregulartasunei buruzko azken albisteen harira, larritasuna agertu du EH Bilduko batzarkide Jon Albizuk, eta gai honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak agertu duen pasibotasuna eta iluntasuna oso kezkagarriak direla nabarmendu du. Horregatik, Marisol Garmendia diputatuaren presazko agerraldia eskatu du gaur, jakin ondoren lonjako obrak egiten ari den enpresak Portuko Agintaritzaren kontrako demanda bat aurkeztu duela beste 8,2 milioi euro erreklamatzeko. “Oso kezkatuta gaude. Diru publikoaren erabilerari buruzko azalpen argiak eta gardentasuna eskatzen diogu diputatuari”, adierazi du batzarkideak.

“Pasaiako obretan azaltzen ari diren irregulartasunen aurrean, diputatuak azalpenak eman beharko ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Galdetuko diogu erantzukizun penalak, ekonomikoak edo politikoak ote dauden, eta, demanda berriaren harira, zeintzuk diren Diputazioak aurreikusten dituen neurriak. Gainera, obrak egiten dituen enpresak berak bere demanda idatzian aitortzen du lanak geldirik daudela. Beraz, zer egiten ari da Aldundia egoera honen aurrean? Diputatuak gardentasuna bermatu beharko luke eta informazio guztia herritarren, alderdi politikoen eta epaitegien esku jarri”, azpimarratu du Jon Albizuk.
EH Bilduko batzarkideak gogoratu duenez, San Pedroko lonjako lanak susmopean daude 2016tik. 7 milioiko gain-kostua atzeman zuten, eta ez hori bakarrik.
Aurrekonturik eta kontraturik gabeko lanak salatu zituzten, baita baimendu gabeko gastuak ere. Fiskaltzak salaketa jarri zuen epailearen aurrean eta sei delituren zantzu aipatu zituen: prebarikatzea, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea. Aurrekari horietaz gain, azken berriek diote obrak egiten dituen enpresak kontratuaren erresoluzioa eta beste 8,2 milioi erreklamatzen dizkiola Agintaritzari.

“Informazio guztia komunikabideen bitartez jakin behar izan dugu, Foru Gobernuko kideek ez dutelako informatu nahi izan, ezkutuan mantendu dute auzia. Marisol Garmendia diputatuak orain arte eman dituen azalpenak urriak izan dira, (eta beti EH Bilduren errekerimenduz), ez baitu argitu zergatik isildu zituen lanen desbideratzeak, ezta zergatik bozkatu zuen gaia Fiskaltzara eramatearen kontra edo zein den obraren egoera. Era berean, Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Peñak publikoki aitortu du 2014ean jabetu zela irregulartasunez, baina ez zuela ezer egin. Inork ez du erantzukizunik hartu bere gain eta egoerak okerrera egiten jarraitzen du”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak auzi honetan izan duen jarrera iluna onartezina dela adierazi du Jon Albizuk, eta argitzeke dauden hainbat konturi buruz galdetuko dio diputatuari. Besteak beste, lanak noiz egingo dituzten eta zein izango da benetako kostea herritarrentzat.