Gipuzkoako Foru Ogasunak ezkutuan aldatu nahi izan du gaur zordunei isunak barkatzeko prozedura. Izan ere, hainbat moldaketa tekniko ezartzen dituen Foru Arau batean kamuflatu egin du 6.000 eurotik gorako zehapenak barkatzeko prozeduraren aldaketa. Zehazki, Gobernuak kendu egin du barkamena onartu aurretik Batzar Nagusiei informatzeko betebeharra. Modu horretan, Diputatuen Kontseiluak barkatu ditzake isunak, grazia bidez, oposizioko alderdiek aurre jakinarazpenik izan gabe. Horrek agerian uzten du, berriro ere, EAJ-PSEren gardentasun eza. EH Bilduren ustez, jarrera ilunetara itzuli nahi izatea eta iruzur fiskalaren kontrako datu kaskarrak oso kezkagarriak dira.

Gipuzkoako Batzar Nagusietan Ogasuneko batzordea izan da gaur. Bertan, Zergen Foru Arau Orokorra zati batean aldatzen duen Arauaren Proiektua aurkeztu da. EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, Berrogeita hamaikagarren Puntuak sakonki aldatzen du orain artean indarrean egon den araudia, zerga zehapenak barkatzeari dagokionean. Duela lau urte onartutakoaren arabera, isunak 6.000 euro baino handiagoak zirenean, barkamena onartu aurretik derrigorrezkoa zen Batzar Nagusiei jakinaraztea. Proiektu berriak proposatzen duenez, aldiz, Diputatuen Kontseiluak barkatu ditzake grazia bidez, eta ondoren Batzar Nagusiei barkamen horren berri emango zaie. EH Bilduk aldaketa horren kontrako zuzenketak aurkeztu dituen arren, EAJk, PSEk eta PPk kontra bozkatu dute. Podemosek, aldiz, alde.

Xabier Olanoren hitzetan, “disimuluan onartu nahi izan dute aldaketa hau, administrazio publikoen gardentasunaren kontrakoa delako. Batzar Nagusiei dagozkien jarraipen eta kontrol eginkizunetan atzerapauso nabarmena da eta kezkatzen gaitu, are gehiago, kontuan hartuz Markel Olano diputatu nagusiak zergen isunen barkamenarekin dituen aurrekariak”.

Zentzu honetan, gogoratu du Markel Olanoren aurreko gobernuak pertsona fisikoei eta elkarte batzuei barkatutako milioiak modu “irregularrean” barkatu zirela Herri Kontuen Epaitegiaren arabera eta auzi hori epaitegietan jarraitzen duela. EH Bilduko bozeramaileak, gainera, adierazi du “6.000 eurotik gorako isunen atzean ez direla txikikeriak egoten eta, gehienetan, iruzur fiskalaren zantzuak egoten dira”.
Beste alde batetik, Ogasuneko diputatuak 2016ko iruzur fiskalaren aurkako emaitzen berri eman du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Xabier Olanok bere kezka adierazi du datuak azken urte askotako kaskarrenak direlako, iaz baino 140 milioi euro gutxiago azaleratu baitira, eta gainera, aurreikusitakoa baino 22 milioi euro gutxiago jaso dira. Horrek alarma gorri guztiak pizten ditu. Horregatik, diputatuari eskatu dio iruzurraren aurkako borroka indartzea, epe motzean, baliabide tekniko eta humanoetan inbertituz, eta adituek eskatutako iruzur fiskalaren behatokia lehenbailehen martxan jarriz.