Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EH Bilduren ekimenez, Itsasoko herritarren borondatea errespetatzearen aldeko ebazpen bat onartu dute gaurko Osoko Bilkuran, EAJ, EH Bildu, PSE eta Podemos taldeetako batzarkideen aldeko botoekin. Ekimen horretan adierazten dute Itsaso udalerri independentea dela, prozedura eredugarri bat medio banatu delako Ezkiotik, deitutako galdeketa bidez, era demokratikoan, bizilagunek adierazi duten borondatea aintzat hartuz.


Judit García batzarkidea pozik agertu da Itsasoko bizilagunen erabakitzeko eskubidearen aldeko proposamena ia aho batez onartu delako, baina azpimarratu du Aldundiak Itsasori udalerri izaera aitortu behar diola eragin guztietarako, baita udalentzat diru-iturri nagusia den Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren banaketarako ere. Zoritxarrez, EAJ-PSEk ez dute eskaera hori babestu.
EH Bilduko ordezkariak adierazi duenez, “euskal erakundeok herritarron eskubideen defentsan egin behar dugu, Espainiak, berriro ere, herritarren iritzietan eta parte-hartze prozesu libreetan oinarritutako erabakiak oztopatzen ari delako, PPk euskal herritarron eskubideen kontrako jarrera sistematikoa baitu”.


Beste alde batetik, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek elkarrekin adostu-tako ebazpen-proposamen bat aurkeztu dute Aldundiari eskatzeko erraustegiaren kalte ekonomikoak – hau da, swapak - pagatzera behartzen duen sententzia errekurritzea. EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanoren hitzetan, “martxoaren 9an, Gipuzkoako Pro-bintzia Auzitegiak emandako sententziak GHK partzuergoari eragindako diru galera ikaragarria denez, errekurritzea beharrezkoa ikusten dugu. Gipuzkoar guztiok jasan beharko genukeen kaltea ekiditeko arduraz jokatu behar dugu eta errekurtsoaren bidez, sententzia bertan behera gera dadin saiatu”.


Xabier Olanok gogoratu du orain dela bi urte GHKk kasu berdina errekurritzea erabaki zuela, PP eta PSEren aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin. Antzeko egoeretan, gipuzkoarren interes ekonomikoan jokoan zeudenean, adibidez, Opor Fiska-len aferan, errekurtsoen bide luzea agortu arte ez zuten etsi Administrazioek.


“Orduan bezalaxe orain ere gipuzkoarron interes ekonomiko orokorrak defendatu nahi baditugu, aukerarik dagoen bitartean, komenigarria eta beharrezkoa ikusten dugu orain ere sententzia errekurritzea”, adierazi du EH Bilduko bozeramailea. EAJk eta PSEk, aldiz, kontrako bozka eman dute eta uko egin diote gipuzkoarron interes ekonomikoak tribunaletan defendatzeari.