Apirilaren 3etik aurrera, Gipuzkoako garraio publikoa garestiagoa izango da MUGI txartel anonimoa duten erabiltzaileentzat. Bidai bakoitzeko deskontua %45etik %32ra jaitsiko da. Aldiz, BAT eta BARIK txartelen erabiltzaileek (Arabako eta Bizkaiko txartelak) %45ko deskontua izaten jarraituko dute Gipuzkoako autobus eta trenetan, tarifarik hoberena mantenduz. Horren ondorioz, gipuzkoar askok beste herrialdeetako erabiltzaileek baino gehiago ordaindu beharko dugu gure garraio publikoa erabiltzeagatik.

EH Bilduko batzarkide Jon Albizuk desoreka hau konpontzeko ebazpen-proposamen bat aurkeztu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Bertan, Foru Aldundiari eskatzen zaio atzera bota dezala tarifa berrien proposamena, apirilaren 3an indarrean sartu baino lehen; zuzendu ditzala desberdintasunak eta beste herrialdeetako bidaiariei kobratzea gutxienez MUGI anonimoa dutenei kobratzen zaiena.

Ebazpen-proposamenean azaltzen denez, Garraio Agintaritzak ezarritako tarifa berriak astelehenean sartuko dira indarrean. Horien arabera, Mugi pertsonalizatutako txartelek eskai-niko dituzten deskontuak Mugi anonimoarekin alderatuta desberdinak izango dira. Lehen kasuan, % 45en deskontuaren onura izaten jarraituko dute noizbehinkako billetearekiko. Bigarren kasuan, aldiz, deskontua % 32ra jaitsiko da. Arabako eta Bizkaiko erabiltzaileek, baina, %45ko deskontua izaten jarraituko dute. Horren eraginez, adibidez, Donostiako autobusean, Gipuzkoako txartel anonimoarekin 1,15 euro balioko du bidaia, eta Bizkaiko BARIK txartelarekin, 0,93 euro. Bakarrik 2016an, 43.000 herritarrek eskatu zuten MUGI txartel anonimo berri bat.

“Egoera honek ez du inongo zentzurik. Nola liteke bizkaitarrek baino gehiago ordaindu behar izatea gure garraio publikoa erabiltzeagatik? Foru Gobernuak hanka sartu du. Mugikorta-sun batzordean, Marisol Garmendia diputatuari bere akatsaz abisatu gehion arren, ez du arazoa konpondu. Horregatik, ebazpen-proposamen aurkeztu behar izan dugu modu ofizialean”, adierazi du Jon Albizuk.