Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari erreklamatuko diote EH Bilduri ukatu zion informazio bat helaraztea. Horrela onartu du gaur Batzar Nagusietako Mahaiak, erakundeko legelariaren txosten juridiko bat aintzat hartuz. Txosten horren arabera, Marisol Garmendia diputatuak Jon Albizu batzarkidearen informazio eskubidea urratu zuen Donostiako aireportuari buruzko informazioa bidaltzeari uko egin zionean.

EH Bilduko ordezkariaren hitzetan, “beste behin ere, argi geratu da Foru Gobernuak oposizioaren lana oztopatu nahi duela taktika ilunekin. PSE-PNVren jarrera erabat opakoa da, eta gainontzeko hautetsion lana galarazi nahi dute. Baina instituzio publikoek gardentasuna eta parte-hartzea sustatu behar dute, eta herritarrok diru publikoarekin egiten diren lan guztien berri izateko eskubidea badugu.”

Jon Albizu batzarkideak informazio eskaera ofizial baten bidez eskatu zuen Foru Aldundiak parte hartzen duen Ortzibia sozietateak egindako txosten bat, aireportuaren operatibitatea eta segurtasuna bermatzeko alternatiba teknikoei buruzkoa. Marisol Garmendia diputatuak idatziz erantzun zion lan hori ez dagoela eskuragarri Ortzibia osatzen duten gainerako erakundeen baimenik gabe.

Horren ondorioz, Jon Albizu batzarkideak babes-eskaera bat aurkeztu zuen Batzar Nagusietako Mahaiaren aurrean, eta erakundeko legelariari gaia argitzeko txosten juridiko bat eskatu zitzaion. Horren arabera, eta Batzar Nagusietako araudian, 13.1 artikuluan, aipatzen den bezala, “Batzarkideek, bere lana hobeto egiteko, Foru Aldundiari edo Foru Aldundiaren bidez, bere menpeko enpresa eta erakundeei bere esku dituzten datuak, txostenak eta agiriak eska diezaieke”. Beraz, Diputazioak derrigorrez bidali beharko du eskatutako informazioa.