EH Bilduk administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu du Gipuzkoako 2017ko Aurrekontuen Foru Arauaren kontra, erraustegiaren eraikuntzak eragingo duen zorra ezkutatzeagatik. Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako (GHK) partzuergoa Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren zorra bere gain hartu behar du Diputazioak. Foru Gobernuak, aldiz, zorra ezkutatu du, indarrean dauden legeak urratuz. Hortaz, Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2016ko abenduaren 23an, EAJ eta PSEren aldeko botoekin, onartu zuten Aurrekontuen Foru Arauan iruzur egiten da.

EH Bilduko batzarkide Xabier Olanok eta Iban Asenjok sinatu zuten otsailaren 22an aurkeztutako errekurtsoa, EAEko Auzitegi Nagusian, administrazioarekiko auzien salan. Bertan azaltzen denez, indarrean dagoen araudiaren arabera, Gipuzkoako Aurrekontu Orokorrak foru sektore publikoan dauden sarrera eta gastu guztiak jaso behar ditu. Foru sektore publikoa osatzen duten entitateen artean, GHK dago, Ogasun eta Administrazio Publikoen Ministerioak 2015ean ezarritakoaren arabera.

Beraz, GHK kontsortzioa Aldundiari atxikitako erakundea izanik, haren aurrekontuak Foru Aurrekontuetan jaso behar dira, eta ez bakarrik informazio-xedearekin, baizik eta epe luzerako aurreikusten dituzten zor-eragiketak kontrolatze aldera ere bai.

2017ko urtarrilaren 31ean, GHKk esleitu zuen erraustegia diseinatu, finantzatu, eraiki, martxan jarri eta mantentzeko kontratua, 35 urterako administrazio emakidaren bitartez. Horrekin batera, partzuergoak aurreikusten du kontratua aurten sinatuko duela, horren ondorioz derrigorrezko aldizkako ordainketak ezarriz, aurrez finkatutakoak eta erabileratik independenteak. Argi eta garbi, pasibo finantzario izaera dutenak arautegi kontablean.

Araudiak horrela dioen arren, 2017ko Aurrekontu Foru Arauak ez du inon jasotzen erraustegiak suposatzen duen pasibo finantzario izugarria, gipuzkoarron etorkizuna hipotekatuko duena. Zorra ez aipatzearekin, ihes egin nahi diete Europak, Estatuak eta foru araudiek ezartzen dituzten kontrol eta limite zorrotzei.
Hortaz, argi dago Aurrekontuek ez dituztela betetzen indarrean dauden legeak, eta administrazio emakidaren figura erabiliz, ekidin nahi izan dituztela zorraren kontrolak eta limiteak, aurrekontu egonkortasuneko helburuak urratuz.

Egoera honek ezegonkortasun juridikoa dakar herrialdeko Administrazio publikoentzat. Horregatik guztiagatik, gipuzkoar guztion interesen defentsan, EH Bilduk administrazioarekiko auzi-errekurtso bat aurkeztu du.