Gipuzkoako Auzitegiak ebatzi du GHK-k derrigorrez ordaindu behar duela Zubietako erraustegia eraikitzeko mailegurako lotu ziren swap-ak -produktu finantzario espekulatiboak-. EH Bilduren ustez, oso larria da gipuzkoarron bizkar jarri den zama finantzario astuna, eta Foru Gobernuari eskatu dio arduraz jokatu dezala swap-en kalte ekonomikoak txikiagotzeko. Zentzu honetan, koalizioak ebazpen proposamen bat aurkeztu du, gaur, Batzar Nagusietan, Aldundiari -eta berau partaide nagusia den GHkri- eskatzeko errekurritu dezala, interes orokorraren defentsan, Probintzia Auzitegiaren epaia. EH Bilduk azpimarratu du sententzia errekurritzea beharrezkoa dela. Gipuzkoar guztiok jasan beharko genukeen kaltea ekiditeko arduraz jokatu behar dugu eta, errekurtsoaren bidez, sententzia bertan behera gera dadin saiatu.

Erraustegia eraikitzeko sinatutako produktu finantzarioek ekarri duten diru-galera izugarria da. Izan ere, sententziak dio Gipuzkoak swap kuotak ordaintzen jarraitu beharko duela, errauste planta egiteko eskatu ziren maileguak erabiltzen ari bailitzan, nahiz eta benetan kreditu horiek ez erabili. Errauste planta eraiki izan balitz ere, kuota hauek berdin-berdin ordaindu beharko lirateke; beraz, herritarrok ez dugu saihesbiderik swap-ek dakartzaten gastuak pagatzeko, eta horrek kalte ekonomiko itzela suposatzen du.

EH Bilduk gogoratu du Administrazio publikoek derrigorrez defendatu behar dituztela herritarron interes orokorrak eta diru-publikoaren erabilera arduratsua. Hortaz, kalte ekonomikoa ekiditeko, saihestezinezko betebeharra da epaiak ezarritako ordainketak errekurritzea. Ados egon ala ez, Gobernuak defendatu behar du gipuzkoarrok ahalik eta gutxien ordaintzea, antzeko egoeretan egin izan ohi den bezala, adibidez, Opor Fiskalen auzian.

Hori da, hain zuzen ere, EH Bilduk aurkeztutako ekimenean Foru Aldundiari eta GHKri eskatzen zaien gauza bakarra: “gipuzkoarren interesen defentsan, martxoaren 9an, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak swap edo arrisku koberturari buruz eman zuen epaia errekurritu dezatela”. Ebazpen proposamen hau apirilaren 3an izango den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da, eta presazko izaerarekin aurkeztu da partzuergoak 20 egun baliodun besterik ez dituelako epaia errekurritzeko.