Jaurlaritzak ez du erremintarik kalkulu hori egiteko. 2011ko ekitaldian, Gipuzkoako zerga-bilketan eragin negatiboa izan zuten lanek BEZaren alorrean, 13.514.512 euro itzuli behar izan baitzituen Gipuzkoako Ogasunak, beste administrazio batzuen mesedetarako.

Ernesto Gasco Garraio jarduneko sailburu-ordeak AHTren eragin ekonomikoari buruz zabaldutako informazioak funtsik gabeak direla argitu nahi du Gipuzkoako Ogasunak. AHTak Gipuzkoarentzat ekarriko lukeen eragin ekonomikoa kalkulatzea ariketa konplexua da Ogasun alorrean eskumena duen edozein erakunderentzat, eta are gehiago Eusko Jaurlaritzarentzat, ez baitu zerga alorreko eskumenik.

Kalkulua egiteko, hainbat faktore hartu beharko lirateke kontuan beti ere Itun Ekonomikoari jarraiki, hala nola, enpresen fakturazioa ondasunen eta zerbitzuen alorrean; lurralde kokapena; eta administrazio eskudun guztiak, zerga oro zehaztu ahal izateko. Horretarako metodo bakarra baino ez dago: zuzenean eta zeharka parte hartzen duten enpresa guztien emaitzak banan-banan aztertzeko eta zergapetzeko aldagai guzti-guztiak kontuan hartzea.

Gasco jaunak adierazi zuen AHTak 656 milioi euro utzi dituela Gipuzkoan, zerga bidez. Hau da, Gipuzkoan orain arte esleitutako 1.642 milioi euroen %40, BEZ eta PFEZ bidez. Eusko Jaurlaritzak, jakina, ez du gaitasunik era horretako emaitzarik kalkulatzeko, goian adierazitako aldagaiak ezin dituelako kontuan hartu.

BEZaren alorrean, bada beste ondorio batzuk ateratzeko moduko datu konkreturik. Esate baterako, AHTren lanekin zuzenean lotutako ingeniaritza zerbitzuak fakturatzen dizkiote Eusko Jaurlaritzari enpresa bitartekariek eta Gipuzkoako Ogasunari egokitzen zaio BEZaren alorreko itzulketak egitea. 2011ko ekitaldian Gipuzkoako zerga-bilketan eragin negatiboa izan zuten ingeniaritza zerbitzu horiek, 13.514.512 euro itzuli behar izan baitziren. Kopuru hori beste administrazio batzuek jaso zuten. Horiexek dira Gipuzkoako Foru Aldundiak dauzkan datu zehatz, egiazko eta zuzen bakarrak.