EH Bilduko ordezkaritza bat Pasaiako Portuko zamaketari langileekin bildu da gaur, sektorea erreformatzen duen Espainiako Dekretua bertatik bertara ezagutzeko. Koalizioak, Pasaiako langileek bezala, arduraz ikusten du dekretu horrek izan ditzakeen ondorioak, bai zamaketarientzat bai Oarsoaldeako ekonomiarentzat ere, are gehiago desinduztrializazioak eta langabeziak jota dagoen eskualdea izanda. EH Bilduren ustez, Madrilgo Gobernuak atea ireki nahi die parez pare multinazionalei, eta sektoreko lan baldintzak prekarizatu. Horregatik, Pasaiako langileei elkartasuna adierazi die eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan aurkeztu du zamaketarien eskubideen aldeko ebazpen proposamen bat.


Portuko Zamaketari Langile Batzordearekin bildu dira Madrilgo Kongresuko diputatu Oskar Matute, Gipuzkoako bozeramaile Xabier Olano eta Errenteriako alkatea, Julen Mendoza, beste ordezkari batzuekin batera. EH Bilduko kideek babesa adierazi diete zamaketariei eta bere kezka adierazi dute, euskal ekonomiarentzako ondorio larriak izan ditzaken gatazka handi baten atarian gaudelako. Espainiako Gobernuak zamaketa lanak liberalizatzeko asmoa du, eta horrek zamaketarien lanpostu guztiak arriskuan jartzen ditu, langile merkeagoekin ordezkatuko dituztelako. Pasaian, adibidez, 200 lanpostu daude arriskuan.


Hori dela eta, EH Bilduk erabaki du instituzio guztietara eramango dituela zamaketarien eskubideen defentsarako ekimenak. Gipuzkoako Batzar Nagusietan, adibidez, hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatuko den ebazpen proposamen bat aurkeztu du. Bertan, Espainiako Dekretua arbuiatzen da eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Estatuari exijitzea portuen kudeaketaren transferentzia, hemengo errealitatea kontutan hartuz, sektore estrategiko honen nondik norakoak akordioen bitartez adosteko. Ekimen hau Pasaiako portuaren inguruan dauden udaletan eta Eusko Jaurlaritzan ere aurkeztuko du EH Bilduk.