Gure Esku Dago ekimenak antolatuta, martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herritan egingo diren galdeketen aldeko ebazpena onartu dute gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek. Bertan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatu dute eta prozesuan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. EH Bilduko bozeramaile Xabier Olano pozik agertu da lortutako akordioagatik eta bere konpromisoa adierazi du erabakitzeko eskubidearekin: “Animatu nahi ditugu herritarrek parte har dezaten. Gero bakoitzak libreki eta demokratikoki erabakiko du parte-hartze hori zer zentzutan doan: batzuk alde bozkatuko dugu, besteek aurka; guztiak dira errespetagarriak, baina parte hartzeko eskubide hori eta ariketa hori, uste dugu babestu eta bultzatu beharrekoa dela”.
EH Bilduk eta EAJk elkarrekin aurkeztu dute ekimen hau gaurko Osoko Bilkuran, eta bi indar politiko nagusiek ordezkaritza zabala izan arren (Ganbararen % 70) Xabier Olanok beste batzarkide taldeak ere gonbidatu ditu aldeko bozka ematera, “proposamena oso zentzuzkoa, oso errespetuzkoa eta oso demokratikoa delako”. Zoritxarrez, PSEk eta PPk erakutsi dute ez daudela herritarrei hitza emateko prest, eta Podemosek lehenengo puntuaren alde bozkatu arren, hurrengo bietan abstenitu egin da.
Xabier Olanoren hitzetan, “egungo markoan, Estatu espainolaren menpe, euskal herritarrok eskubideak mugatuak ditugu. Ezin dugu libreki gure etorkizuna erabaki. Ez digute utzi nahi herritarrei ofizialki galdetzen. Ezta Ilunbeko zezen plazaren erabilpenari buruz ere. Are gutxiago Itsasoko herritarrek udalerri izateko erabakiaz. Adibide batzuk besterik ez, azken zantzuak Euskal Estatu burujabearen beharra indar gehiagoz aldarrikatzeko”.
Beste alde batetik, gaur Martxoak 8 izanda, penagarria izan da Foru Gobernua babesten duten alderdiek izan duten jarrera EH Bilduk eta Podemosek Emakumeen Egunaren harira aurkeztutako ebazpen proposamenean. EAJ-PSEk ez dira gai izan jatorrizko testua sinatzeko, benetako berdintasuna lortzeko konpromiso politiko eta ekonomiko zehatzak eskatzen zirelako, Foru Aldundiaren aldetik. Horren ordez, mamirik gabeko ebazpen bat onartu dute, argi erakutsiz beraiena berdintasun urardotua dela.
Azkenik, EH Bilduk Garoña Zentral Nuklearraren irekieraren aurkako proposamena aurkeztu du Osoko Bilkuran eta Eusko Abertzaleak, Sozialistak eta Podemos taldeekin lortu du erdibideko zuzenketa bat adostea. Bertan exijitzen dira Garoñako zentralaren behin betiko itxiera eta eraistea eta Segurtasun Nuklearreko Kontseilua despolitizatzea, bere presidentea kargutik kentzen. Era berean, Batzar Nagusiak erabaki dute erabiltzen duten energia elektrikoan, iturri nuklearrak edo fosilak jatorri berriztagarrikoez ordezkatzen joango direla.