Martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herrietan egin behar diren herri-galdeketak babesteko ebazpen proposamen bat aurkeztu dugu elkarrekin EH Bildu eta Eusko Abertzaleak batzarkide taldeak.
Ebazpena bihar onartuko da Osoko Bilkuran, bi taldeen artean gehiengo osoa baitugu, eta testua honako hau da:

Gipuzkoako Batzar Nagusiek behin baino gehiagotan adierazi dute erabakitzeko eskubidea babesteko duten konpromiso irmoa.
Legealdi honetan bertan, irailaren 23an, 4/2015 ebazpena onartu zen, Katalunia eta Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen defentsari buruzkoa. Aipaturiko ebazpenean onartutako puntuetako bat gogora dezagun: “Euskal Herriak eta Kataluniak, bakoitzak, subjetu politikoa osatzen dute, eta hori horrela, Gipuzkoako Batzar Nagusiek biek duten erabakitzeko eskubidearen alde agertzen dira, Katalunia zein Euskal Herriari etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatua izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna aldarrikatuz.”
Handik astebetera, irailaren 30ean, printzipio politiko demokratikoari buruz onartu zen 57/2015 mozioan, beste gauza batzuen artean, gatazka politikoaren konponbidearen giltza erabakitzeko eskubidean dagoela aldarrikatzen zen.

Norabide berberean, 2016ko ekainaren 2ean 57/2016 ebazpena onartu zen “2016ko ekainaren 5ean Gipuzkoako 31 herritan egin behar diren herri-galdeketak babesteari buruzkoa”

Aurrekari horiekin, eta gipuzkoarren artean erabakitzeko eskubide demokratikoak duen babes herritar zabala kontuan izanda, berriro ere martxoaren 19an Gipuzkoako 34 herritan burutu behar den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa babestu behar dugulakoan gaude; demokrazian, hau da, herritarrengan sinisten dugulako.

EBAZPEN-PROPOSAMENA

1.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna babesten dutela aldarrikatzen dute.

2.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek demokrazia herritarron erabakia dela, eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena dela aldarrikatzen dute. Horrexegatik, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapenetik gauzatzera igarotzeko ekimenak balorean jarri eta babestu behar direla adierazten dute,

3.- Gipuzkoako Batzar Nagusiek, 2017ko martxoaren 19an, Gipuzkoako 34 herritan, herri-ekimenez burutuko den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa babesten dutela aldarrikatzen dute; eta herri horietako herritarrei parte hartzeko deia luzatzen diete.