Itsasori udalerri izaera aitortzea eta Espainiako erabakiari kasurik ez egitea eskatu dio EH Bilduk Foru Aldundiari

Itsasoko herritarren borondatea errespetatzearen aldeko ebazpen-proposamen bat aurkeztu du gaur EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Hurrengo Osoko Bilkuran eztabaidatuko den ekimen horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen zaio bizilagunek adierazitako borondatea errespeta dezala, eta erabaki hori gauzatzeko pausu eraginkorrak eman ditzala. Zentzu horretan, eskatzen zaio Itsasori udalerri izaera aitortzea eragin guztietarako, eta Espainiako Gobernuak hartutako erabaki antidemokratikoari jaramonik ez egitea.
Espainiako Presidentetza eta Tokiko Administrazioen Ministerioak ez du onartu Itsasok Tokiko Entitateen Erregistroan izena emateko eginiko eskaera. Estatuak bere ebazpenean aipatzen duen biztanleriaren baldintza ez dator bat Gipuzkoako Batzar Nagusiek 2003an onartutako foru arauarekin. Gainera, arau horren aplikazioan salbuetsita daude frankismo garaian herri borondatea kontuan hartu gabe orduko agintariek elkartu zituzten herriak, eta hori da Ezkio eta Itsasoren kasua.
EH Bilduren ustez, euskal herritarron eskubideen aurkako hamaikagarren erasoa da hau. Espainiako Gobernuak, berriro ere, herritarren iritzietan eta parte-hartze prozesu libreetan oinarritutako erabakiak oztopatu nahi ditu, Euskal Herrian edo Catalunyan egiten duen bezala. Horregatik, aurkeztutako ekimenean gaitzesten ditu “Espainiako Estatuak Euskal Herritarrok demokratikoki hartutako erabakiak galarazteko sistematikoki zabaltzen dituen bideak”.
Ezkio eta Itsason burututako prozesua eta herri kontsulta erabakitze eskubidearen adibide praktikoa eta legitimoa izan zen. Herritarrek ariketa demokratiko bikaina egin zuten eta emaitzak ez zuen inolako zalantza izpirik utzi. Hortaz, Gipuzkoako botere publikoek eta Administrazioek behartuta daude Itsasok erabakitako bidea errespetatzera.
Udalerri berriak ofizialki sortzeko eskumena Diputazioarena da, Autonomia Estatutuak hala ezarrita. Horregatik, EH Bilduk aurkeztutako proposamenean Foru Gobernuari eskatzen zaio muzin egin diezaiola Espainiako Gobernuaren erabaki antidemokratikoari. Zentzu honetan, Itsasori udalerri izaera aitortu behar dio Aldundiak eragin guztietarako, baita udalentzat diru-iturri nagusia den Udal Finantzaketarako Foru Fondoaren banaketarako ere. Zoritxarrez, EAJk eta PSEk onartutako 2017rako Fondoaren banaketak ez dio Itsasori ematen beste udal guztien trataera berdina, eta ez du Itsasoko Udalarentzat dirurik izendatzen.
Era berean, Foru Gobernuari eskatzen zaio errespetu eta jarrera berdina izan dezala prozesu parte-hartzaileen bitartez bere etorkizuna erabaki duten udalerri guztientzako, baita Igeldorentzat ere.