Egoitza baten zain dauden adinekoen egoera okerrera egin du Gipuzkoan berriro ere, itxaron zerrenda disparatu egin delako legealdi hasieratik. Egun, ia 900 pertsona daude egoitza baten zain eta, bataz beste, 180 egun itxaron behar dute plaza bat eskuratzeko. Horrek esan nahi du azken 18 hilabeteetan itxaron zerrendak % 28 egin duela gora, eta 16 egun luzatu egin dela itxoite denbora (%10). EH Bilduren ustez, egoera oso kezkagarria da: “Diputazioak iragarri berri du 30 plaza besterik ez dituela zabalduko aurten, eta hori itxaron zerrendan dauden 900 pertsonei adarra jotzea da. Gizarte zerbitzuen kalitatea atzera egiten ari da modu oso larrian eta berehalako neurri zuzentzaileak behar dira adinekoak behar bezala artatzeko”, azpimarratu du Ernesto Merino batzarkideak. Horregatik, Gizarte Politikako diputatuaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan azalpenak eman ditzan.
EH Bilduk jaso berri ditu itxoite zerrendei buruz Foru Aldundiari eskatutako azken datu ofizialak. Horien arabera, legealdi hasieran abiatu zen itxoite zerrendaren gorakada izugarriak jarraitzen du:
2015-06-30 : 698 pertsona.
2015-12-31 : 746
2016-06-30 : 863
2016-12-31 : 893
Datuak alderatuta, ikusten dugu 195 pertsona gehiago daudela plaza baten zain, beraz, gorakada, guztira, % 28koa izan da. Hartzen badugu 2016 urtea, gehikuntza 147 pertsonakoa da, amaitu berri den urtean igoera % 20koa izan delarik.

Gure taldea bereziki kezkatzen duen beste datu bat da adineko pertsonek zenbat denbora itxoin behar izaten duten plaza bat eskuratzeko. Aldundiak emandako azken datuen arabera, 2015ean 164 egun itxoin behar izaten zuten bitartean, 2016an 180 egun dira itxoin beharrekoak. EH Bilduren iritziz, plaza bat eskuratzeko sei hilabete itxoin behar izatea lekuz kanpokoa da.
“Legealdia hasi zenetik egoitzetako itxoite zerrendak disparatu egin dira modu nabarmenean, eta horri gehitzen badiogu plaza berriak sortzeko Foru Gobernuak duen konpromiso falta, emaitza logikoa da: plaza eskuratzeko denbora luzatuz doa etengabe”, adierazi du Ernesto Merinok.
Zentzu honetan, EH Bilduko batzarkideak gogoratu du 2016ko uztailean SIISek eginiko txostenean ohartarazten dela egoitzetara iristen diren pertsonen batez besteko adinak gora egin duela, eta, horren ondorioz, egonaldien batez besteko denbora behera egin duela. Izan ere, txosten horren arabera, egoiliarren % 50ak sei hilabete baino gutxiago igarotzen dute egoitza zerbitzuetan tarte horretan hil egiten direlako. Beraz, argi dago egoitza-plaza behar duten gure adinekoek ezin dutela itxoin, eta behar duten arreta lehenbailehen jaso behar dutela.
Merinok azpimarratu du 450 plaza inguru sortu behar direla “itxoite zerrenda teknikoa” deitzen dena izateko Gipuzkoan (eskatzaile kopurua plaza guztien 10% izan behar dela kalkulatzen da erreferentzia bezala). Foru Gobernuak, baina, ez du inolako konpromisorik, ez du Gizarte Zerbitzuen Mapa betetzen eta iragarri diren 30 plaza berri horiekin ezinezkoa da benetako aurrerapausoak ematea.