Aralar Natur Parkearen etorkizuna adosteko aukera blokeatu egin dute gaur EAJk eta PSEk. Batzar Nagusietan burututako Ekonomia eta Landa Garapeneko batzordean, EH Bilduk proposatu du ponentzia berezi bat eratzea parkearen kudeaketa integralerako ekarpen kualifikatuak jasotzeko, sektore anitz, ezberdin eta ugarien parte hartzearekin. Foru Gobernuan dauden alderdiek, baina, ekimen honen kontra bozkatu dute. Horrela, akordioari ateak itxi eta bosgarren martxa sartu nahi dute aurrera egiteko Aralarreko pisten eraikuntzarekin, gatazka soziala eta ondorio txarrak eragingo dituztela jakin arren.
EH Bilduren ustez, Ernio-Aralar Natur Parkeak balio sinboliko, ekologiko eta kultural handia du gipuzkoarrontzat. Hori dela eta, Foru Gobernuak aurkeztutako Kudeaketa Planak jendartean tentsio handia sortu du azken hilabeteetan. Babesgabetasun sentsazioa eta ezinegona zabaldu dira, eta Zaldibiako Oiduiko borda erretzea azkeneko adierazlea dugu. Zentzu honetan, EH Bilduren ekimenez, batzordeak onartu du Diputazioari eskatzea mankomunitatera bideratu ditzala behar diren baliabideak txabola konpontzeko helburuarekin.
EH Bilduren ustez, egoera honetan, irtenbide bakarra kudeaketa egokia eta parte hartzerako kanalak irekitzea da. Horregatik, koalizioak elkarrizketarako deia egin zion Foru Gobernuari, eta sektore guztien iritzia jasotzeko batzorde berezia sortzea eskatu zuen. EAJk eta PSEk, aldiz, oztopoak besterik ez dituzte jartzen akordioetara iristeko, eta irtenbide adostua bilatzeko ekimena atzera bota dute. Gainera, erabakitzeko ahalmena dituzten guneak saihesten ari dira. Adibidez, Aldundiak jarraitu duen prozeduran, Natur Parkea kudeatzeko aholku organoa den Patronatua ez du deitu.
Horrela, argi adierazten dute Diputazioaren helburua zein den: pisten eraikuntzarako aurkeztu duten proiektua aurrera eramatea lehenbailehen, nahiz eta parke naturalak eta artzaintzak behar duten babesa bultzatzeko eta etorkizunerako irtenbide jasangarriak bilatzeko aproposa ez izan.
Beste alde batetik, Ekonomia, Landa Garapena eta Lurralde Orekako diputatua, departamentuko zuzendariekin batera agertu da bere lan-programa aurkezteko. EH Bilduk departamentu horrek egiten duen kudeaketa iluna salatu du, kontratazio eztabaidagarriak, zalantzazko izendapenak eta erabakiak hartzeko gune ez-ofizial desegokiak sortu direlako.