EH Bilduk bere kezka adierazi du gaur Herri- Dirubideen Euskal Kontseiluak publiko egindako datuengatik, 2016 urterako Gipuzkoako Foru Aldundiak bere buruari ezarri zizkion diru-bilketa helburuak ez baititu bete. Xabier Olano bozeramailearen ustez, “diru-bilketa eskasak ezinbestekoa egiten du zerga batzuen erreforma sakona, helburuak betetzen ez dituen Sozietateen zergarena, bereziki. Tamalez, argi geratu da Gipuzkoako fiskalitatean Confebasken interesak daudela herritarren beharren gainetik, eta EAJri ausardia falta zaiola fiskalitate eredu progresiboagoa eta justuagoa ezartzeko”.

Batzar Nagusietan izandako batzordean, EH Bilduko bozeramaileak Gipuzkoak erreforma fiskal sakona behar duela ohartarazi dio Markel Olano diputatuari, Finantzen Euskal Kontseiluaren datuen irakurketa zehatza egin ondoren. Izan ere, 2016 urterako Diputazioak bere buruari ezarri zizkion diru-bilketa helburuak ez dira inondik inora bete, Gipuzkoan jaso behar omen ziren 4.330 milioiak baino 132 milioi gutxiago jaso direlarik. Okerra edo desbideratzea % 3,05koa izan da. Urrian egindako aurre- ikuspenak ere ezin izan dira bete. Porrota, beraz, bikoitza izan da.

Datuak zergaz-zerga ikusita, Pertsona Fisikoen Errentak oso txukun bete ditu aurreikuspenak (%100,1). Sozietateen irabazien gaineko zerga, aldiz, oso urrun geratu da helburuetatik (53,8ko galera), eta Balio Erantsiaren gaineko Zergak (BEZ) ere ezin izan ditu aurre-ikuspenak bete. “Datu hauek argiro adierazten dute urte hasieran jarritako helburuak ez direla bete. Ezta urrikoak ere. Eta gainera, 2017rako jarritako helburuak betetzea ere oso nekeza izango dela. Beraz, etorkizunera begira, zerga erreforma sakona egin beharra dago, urtea joan eta urtea etorri helburuak betetzen ez dituen Sozietateen zergan bereziki”, adierazi du Xabier Olanok.

Zentzu honetan, gogoratu du aurreko astean aukera hau jarri zuela mahai gainean Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, baina Markel Olanoren gobernua presaka eta korrika atera zen publikoki bere kontrakotasuna adieraztera. EH Bilduren bozeramailearen hitzetan, “gehien duenak gehiago ordaindu behar du esaten da, baina batzuek pertsona fisikoetara mugatzen dute ideia hori, eta sozietateen gaineko presio fiskal gehiagok aberastasuna eta inbertsioak uxatuko dituztela mamuarekin beldurra sartu nahi dute, nahiz eta egia ez izan. Horrek argi usten du Gipuzkoan Confebaskek gobernatzen duela, eta enpresa eta korporazio handien interesak jartzen dituztela herritarren beharren gainetik”.