EH Bilduk bere kezka adierazi du gaur Gipuzkoako Foru Gobernuaren murrizketen ondorioz pobrezia eta bazterketa soziala areagotzen ari delako gure lurraldean. Adibidez, Maite Peña diputatuak gaur aurkeztu duen gizarteratzerako diru-laguntza berria, Elkar-Ekin planaren barruan dagoena, penagarria da. EH Bilduk nabarmendu du onuradunak gehienez 50 pertsona izango direla, eta laguntza sei hilabeteetarako izango dela. “1.400 familia pobrek bi urtez jasotzen zuten Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) kendu ondoren, Elkar-Ekin planarekin gizarteratzerako beharrak estaliko direla esatea adarra jotzea da”, salatu du Ernesto Merino batzarkideak.

Gizarte Politikako batzordea bildu da gaur Batzar Nagusietan. Bertan, Maite Peñak EH Bilduk egindako galdera bati erantzunez esan du gizarteratzerako diru-laguntza berria gazteen emantzipaziorako prestazioarekin (672.000 eurokoa) batu egingo dela eta, bien artean, 870.000 euroko aurrekontua izango dutela. Beraz, diru-laguntza berriak 198.000 euroko aurrekontua besterik ez du, eta horrekin 50 pertsona inguru artatuko dituzte sei hilabetez.

Merinok gogoratu du EAJk eta PSEk 1.400 familia sostengatzen zituen DBL-AGI prestazioa kendu zutela 2016an. Kritiken aurrean, diru-laguntza berri bat agindu zuten, Elkar-Ekin planaren barruan. “Foru Gobernuak egin dituen murrizketa sozial bortitzak Elkar-Ekin planarekin konpentsatuko direla esatea adarra jotzea da. 5 milioi euroko prestazio bat kendu (DBL-AGI) eta 198.000 euro besterik ez dituzte inbertituko pobreziari aurre egiteko gure lurraldean. Argi dago diputazioak kea saltzen eta politika antisozialak egiten ari dela”, adierazi du EH Bilduko ordezkariak.

“Murrizketen bidetik jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue. Gai honekin eta, oro har, gizarte politikako gai guztiekin. Aldiz, laguntza sozialen hobekuntzaren bidetik jotzen baduzue, prest gaude elkarlanean aritzeko”, esan du Ernesto Merinok.

Beste alde batetik, Gizarte Politikako batzordean ELA sindikatuko ordezkariak salatu dute Aldundiak aurkeztutako Gizarte Zerbitzuetako Enpleguari buruzko txostena “interesatua” dela, eta Foru Gobernuak ez duela laguntzen adineko egoitzetako langileen prekarietatea gutxitzen. Ernesto Merinoren hitzetan, “txostenaren helburua da iritzi publikoaren aurrean irudikatzea zahar egoitzetan lan baldintzak ezin hobeak direla, egia ez denean. Hain zuzen ere, orain hasiko direlako negoziatzen lan hitzarmen berria. Gizarte Zerbitzu publikoez ari gara hitz egiten, beraz, Diputazioarena da erantzukizun nagusia. Herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak ematen zaizkiela bermatzeko, lehenik eta behin, langileek baldintza duinetan egiten dutela lan bermatu behar du Administrazioak”.