EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Enirio-Aralar mankomunitatera bideratuta dagoen diru partida handitzea, erreta azaldu den Oidui borda lehenbailehen konpontzeko, egungo erabiltzaileen proiektuak berriz ere aurrera egin dezan. Koalizioaren ustez, Diputazioaren jarrera aldaketa ezinbestekoa da Aralarko pisten foru proiektuak sortu duen tentsio handiko dinamikatik ateratzeko eta parke naturalaren kudeaketa zuzena bermatzeko.

Xabier Olano eta Judit Garcia batzarkideek presazko izaerarekin erregistratu zuten atzo Gipuzkoako Batzar Nagusietan ebazpen-proposamen bat, asteburuan Aralarko parke naturalean dagoen Oiduiko borda erabat erreta agertu ondoren. 180 bazkide ditu Zaldibiako Gailurrerantz Mendi Elkartearen bordak, eta zantzu guztiek diote sua nahita eragindakoa izan dela. Erasoa oso larria da eta gure lurraldean areagotzen ari den tenkatzearen ondoriozkoa da, Aralarko parke naturalean 20 kilometroko bideak eraikitzeko asmoak krispazio sozial handia sortu duelako azken hilabeteetan, bereziki pisten aldeko eta aurkakoen artean.

Hortaz, EH Bilduk aurkeztutako ebazpen-proposamenak “borda erre izana salatzen du eta elkartasuna adierazten die bai Zaldibiako mendizaleen elkarteko kideei bai Aralar bizi eta maite duten gipuzkoar guztiei”. Bigarren puntu batean, “dei egiten dio Gipuzkoako Foru Aldundiari Enirio-Aralar mankomunitatera bideratuta dagoen partida handitzeko, erreta azaldu den borda lehenbailehen konpontzeko eta egungo erabiltzaileen proiektuak berriz ere aurrera egin dezan”.

Koalizioak EAJ eta PSEri ebazpen hau babestea eskatu die eta elkarrizketarako deia egin dio Foru Gobernuari, gatazka ez baita bide egokia Aralarko parke naturalak behar duen babesa bultzatzeko eta etorkizunerako irtenbide jasangarriak bilatzeko.