Gipuzkoako Batzar Nagusiek amatasun eta aitatasun baimenak berdintzearen aldeko ebazpena onartu dute gaur Osoko Bilkuran, aho batez eta EH Bilduren ekimenez. Adostutako testuan Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzen diote amatasun eta aitatasun baimenak berdinak, transferiezinak eta %100ean ordainduak izan daitezen. Era berean, Foru Aldundiari eskatu diote baimenak progresiboki partekatzeko proiektu pilotuak abia ditzala, aiten eta amen erantzukidetasuna bultzatze aldera. Bestetik, Oñatiko Gomiztegiko harrobiari, Hondarribiko aireportuari eta pobreziari buruzko ebazpenak ere eztabaidatu dira Osoko Bilkuran.

Ainhoa Beola batzarkideak gogoratu duenez, gaur egun, amei 16 asteko amatasun-baimena aitortzen zaie eta aitei 15 egunekoa, haien haur jaioberriak edo adoptatuak zaintzeko. “Baimen-eredu honek logika patriarkalari erantzuten dio eta sexuaren araberako lan-banaketa indartzen du, hau da, haurra jaiotzen den unetik emakumeei ematen die hura zaintzeko ardura nagusia eta gizonei, berriz, apenas ezartzen zaie ardurarik haurren zaintzan, ahalik eta azkarren lan-merkatura itzultzea lehenetsiz. Sexuaren araberako lan-banaketa sustatzen duten baimen hauen logika aldatzen hasteko politika publiko eraginkorrak abian jartzen hasteko ardura daukagu. Haurren zaintza gizonen betebeharra ez ezik, eskubidea ere badelako”, adierazi du EH Bilduko ordezkariak.

Bestetik, Judit Garcia batzarkideak Oñatiko Gomiztegiko harrobia handitzeko eskaera bertan behera uztea eskatu du, paisaia eta natur baliabideetan sortuko lituzkeen kalte larriak kontuan izanik. Hortaz, natura zaintzeko irizpideei eta gune horren inguruan garatzen ari den nekazaritza eta abeltzaintza jarduerari lehentasuna ematea proposatu du EH Bilduk. Oñatiko alkateak, Mikel Biainek, Batzar Nagusieko Osoko Bilkuran egon da gaiaren eztabaida jarraitzen, baina EAJk eta PSEk uko egin diote eremu hau babesteari.

Era berean, EAJk eta PSEk aurrera atera dute elkarrekin Hondarribiko aireportuari buruzko ebazpena, kontutan izan gabe EH Bilduk eta Ahal Duguk egindako eskaerak, hau da, lehentasuna emateko lanpostuei eusteari eta ingurumenaren errespetuari, pista zabaldu gabe, bizilagunen iritzia aintzat hartzeko eta pribatizazioan emandako pausoak atzera egiteko.

Foru Gobernuko taldeek berdin jokatu dute Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko ebazpen-proposamenean, eta uko egin diote Eusko Jaurlaritzak egindako murrizketen kontrako jarrera adierazteari. Ernesto Merino batzarkideak gogoratu du “egin diren murrizketak ez direla soilik langabezian daudenentzat, baita, lanean aritu arren, diru-sarrerak osatu behar dituztenentzat, edota gure aiton-amonentzat, multzo handi batean emakumezkoak, alargunak eta oso adinekoak”.

Bukatzeko, talde guztiek aho batez onartu dute pobrezia energetikoari aurre egiteko proposamen bat. Iban Asenjo batzarkidearen hitzetan, “haserre ikusten ari gara nola azken egunotan, neguko egunik hotzenetan, argindarraren prezioa gora egiten ari den etengabe. Argindarra bezalako oinarrizko beharrizan bat, enpresa gutxi batzuen nahietara kudeatzen den bitartean, milaka eta milaka dira berogailua martxan jarri ezin duten pertsonak. Miserablea da oso horren oinarrizkoa den gauza bat multinazional pribatuen mesedetara egotea. Eta egoera anker honen aurrean, ezin gara ezer egin gabe geratu”.