EAJk eta PSEk korapilo juridiko batean sartu dituzte Gipuzkoako hainbat erakunde, erraustegiaren eraikuntzarekin duten obsesioagatik. Foru Gobernuak aurrera jarraitzen du zabor plantaren proiektuarekin, jakin arren erraustegia auzitegietan katramilatuta dagoela eta ondorio larriak eragin dezakeela. Horregatik, EH Bilduk, berriro ere, eskua luzatu dio Diputazioari egoera honetatik ateratzeko eta irtenbideak bilatzeko alderdi politiko, eragile eta herritarrekin batera: “Hondakinen kudeaketan bi aukera besterik ez daude: gizarte haustura ala akordioa. Gu, akordioaren aldekoak gara, eta Foru Gobernuari eskaera bat egin nahi diogu: ez inposatu erraustegia, goazen adostasunak bilatzera”, adierazi du Iban Asenjo batzarkideak.

EH Bilduko ordezkariak eskua luzatu dio Ingurumeneko diputatuari, gaur Batzar Nagusietan izandako batzordean. Zoritxarrez, Jose Ignacio Asensiok argi utzi du ez dagoela prest jarreraz aldatzeko, ezta hondakinak modu jasangarriago batean kudeatzeko. Gainera, ezin izan du argitu nola konponduko due Zubietako planta berriaren esleipenarekin dauden arazo legalak, eta berretsi du aurrera jarraituko duela akats formalak eta segurtasun juridiko eza egon arren.

Iban Asenjoren hitzetan, “erraustegiaren eraikuntzarekin tematzea arduragabekeri politikoa da, are gehiago Gipuzkoako herritarrek behin eta berriro bere kontrakotasuna adierazi dutenean”. EH Bilduko batzarkidearentzat, "irtenbide bakarra, herri akordioan dago”.

Momentu honetan, Diputazioak derrigorrez gelditu behar izan ditu Zubietako planta eraikitzeko tramiteak. Beraz, momentu aproposa da gauzak hausnartu eta nahaspila honetatik irteteko. Akordio politikoak eta sozialak behar ditu herri honek, horregatik, beste behin ere, mahai baten bueltan alderdi politiko, eragile sozial, sindikatu, plataforma, aditu taldeak eta egoera hau kezkaz bizi duten herritarrak biltzeko aukera sortu dezan eskatzen diogu Foru Gobernuari. Gu prest gaude”.