Attachments:
Download this file (erraustegia katramila juridikoa.pdf)Gipuzkoako hondakinen kudeaketa [ ] 339 kB

EH Bilduk azpimarratu egin du gaur Gipuzkoako erraustegia auzitegietan katramilatuta dagoela EAJ eta PSEren obsesioagatik, eta egoera horretan urteak igaro daitezkeela, ez atzera eta ez aurrera. Horregatik, Rebeka Uberak eta Xabier Olanok Gipuzkoako hondakinen arazoari akordio zabal eta jasangarria emateko eskua luzatu diote Foru Gobernuari:

Derrigorrez, gauza guztien gainetik, presaka eta korrika aurrera jarraitzen dute itsututa, gipuzkoarren ia erdia ordezkatzen dugun indar politikoen iritziei, nazioarteko gomendioei, mediku adituei eta herritarren eskaerei kasurik egin gabe. Eta, horrek zer ekarri du? Arazoak, hanka sartzeak, kudeaketa kaxkarra eta ziurtasun juridiko eza. Eta hori da, hain zuzen ere, gaur egun dugun egoera. Foru Aldundiak, baina, bere obsesioarekin jarraitzen du tramiteak egiten, presaka eta korrika, akats formalekin eta segurtasun juridiko ezarekin. EAJ eta PSE oso egoera zailean kokatzen ari dira Gipuzkoako Administrazio Publikoa.

Egoera hain korapilatsua izanda, azken egunetan EAJk eta PSEk atentzioa desbideratu nahi izan dute publikoki EH Bilduren kontrako eraso bortitzak erabiliz, tonua igoz deskalifikazioekin eta mehatxuekin. Erabiltzen ari diren estrategia argia da; euren akats eta arazoak estaltzeko besteen aurka egin, begirada besteen lepo gainean ezarri. Baina gu oso lasai gaude. Aurreko legealdian, GHKko eta Foru Aldundiko agintariek legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez jokatu zuten: txosten teknikoetan oinarrituz, kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan, eta herritarren borondatea errespetatuz.

Beraz, zer da benetan gertatzen ari dena? EAJ eta PSE bere kabuz sartu dira, eta gipuzkoar guztiok sartu gaituzte, nola askatu ezin duten korapilo baten erdian. Ez dakite mahai gainean duten arazoa nola konpondu. Egoera kaotikoa da, katramila juridiko izugarria dute esku artean. Hala aditzera ematen dute astearteko Imanol Lasaren adierazpenak, erraustegi berriaren esleitze prozesua paralizatuko dutela iragarriz, EAEko Auzitegi Nagusiak GuraSOS elkartearen helegitea ebatzi arte, behintzat.

Momentu aproposa da beraz, zoramen frenetiko hau gelditu, hausnartu eta nahaspila honetatik irteteko. Itsu-itsuan ibil i beharrean, gogoeta sakona egiteko unea da. Eskenatoki honek erraustegiaren proiektua birplanteatzeko aukera paregabea zabaldu du.

Diputazioak derrigorrez gelditu behar izan ditu, momentuz, Zubietako planta eraikitzeko tramiteak. Beraz, Foru Gobernuari eskatzen diogu probestu dezala impasse hau hondakinen kudeaketan akordio zabalak bilatzeko mahai bat osatzeko. Akordio politikoak eta sozialak behar ditu herri honek, horregatik, beste behin ere, mahai baten bueltan alderdi politiko, eragile sozial, sindikatu, plataforma, aditu taldeak eta egoera hau kezkaz bizi duten herritarrak biltzeko aukera sortu dezan eskatzen diogu Foru Gobernuari. Gu prest gaude.

Erraustegia gelditzeko garaiz gaude. Gipuzkoako hondakinen arazoari akordio zabal eta jasangarria emateko aukera dugu aurrean. Egin dezagun”.