EH Bilduk berretsi egin ditu gaur Zubietako erraustegiaren inguruan aurreko legealdian hartutako erabakiak, eta azpimarratu du GHKko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariek legitimitate demokratiko osoarekin eta legea %100 betez jokatu zutela: kudeaketa zuzena eta gardena egin zuten, gipuzkoarren osasunaren eta interes publikoaren defentsan eta herritarren borondatea errespetatuz. Zentzu honetan, koalizioak gogoratu du erraustegiaren proiektua gaindimensionatuta zegoela, diru publikoaren zarrastelkeria suposatzen zuela eta hura eraikitzeko kontratua bertan behera geratu zela GHK eta enpresen arteko akordio baten bitartez.

GHK-k erraustegia eraikitzeko kontratua bertan behera uztea erabaki zuen 2013an, azpiegitura kaltegarria zelako gipuzkoarrontzat eta proiektua handiegia zelako, frogatuta geratu den bezala. Izan ere, 260.000 tonarako planta bat eraiki nahi zuten, 160.000 tona errefus besterik ez zeudenean erretzeko. GHK-k eta enpresek sinatu zuten kontratua eta bi aldeen adostasunez apurtu zen.

Donostiako Administrazio Auzitegiak ez du aintzat hartu oinarrizko eztabaida eta ez ditu kontratua bertan behera uzteko arrazoiak eta argudioak aztertu ere egin, baina koalizioaren ustez, agintari publikoek legitimitate osoa dute – eta behartuta daude - gaindimensionatutako azpiegitura bat eteteko eta horrek eragin ditzakeen kalteak saihesteko. Beraz, EH Bilduko ordezkariek erantzukizunez jokatu zuten eta gipuzkoarren interes orokorrak defenditu zituzten. Gainera, kontratuaren bi aldeen adostasuna lortu zuten.

Egindako kudeaketa ona eta legezkoa izan zen, baina atzo jasotako epaiak ez ditu kontratua bertan behera ustera eraman zuten arrazoiak aztertzen. Horregatik, arrazoi horiek zuzenak izan zirelako eta aztertuak izan daitezen, EH Bilduko ordezkariek epaia errekurritzeko proposamena eramango dute mankomunitateetara. Koalizioak erraustegiaren kontrako konpromisoa berretsi du eta azpimarratu du Zubietako azpiegituraren eraikuntza bertan behera uzteko erabakia legearen arabera eta legitimitate demokratiko osoarekin hartu zutela aurreko agintariek, Administrazio bezala herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatzeko bi esparruetan: osasuna eta diru publikoaren babesa.

Izan ere, Markel Olanoren gobernuak errauskailu bat eraikitzeko asmoa berriz erakutsi zuenetik, gipuzkoarren osasunean eragingo duen minaz kezka handia sortu da gure herrian eta biderkatu egin dira azpiegitura horren kontrako adierazpenak. Horregatik, EH Bilduk Foru Aldundiari berriro ere eskatzen dio ez dezala hipotekatu gipuzkoarron etorkizuna erraustegiarekin.