PNV eta PSEk GHKko batzarrean Errauskailuaren kudeaketa eta obra proiektua esleitu dute. Kanpoan milaka gipuzkoar elkartu dira, beste behin ere, kezka eta desadostasuna agertzeko. Atzo, abenduak 26, Podemos, Equo eta Ezker Anitzarekin eginiko agerraldi bateratuadierazi moduan, EH Bilduk herri akordioaren beharra agerikoa dela errepikatu du.

Gaur, abenduak 27, GHKko batzarrak, PNV eta PSEren botoekin Errauskailuaren kudeaketa eta obra proiektua esleitu du. EH Bilduko ordezkariek ezezko botoa eman dute, inposaketaren gainetik herri akordioaren beharra azpimarratuz eta Errauskailuaren obrak ekar ditzaken ondorioak ikusita eztabaidarako eta herritarren ahotsa entzuteko bideak zabaltzeko eskatuz.

Josu Amilibiak, Adunako alkateak eta GHKko EH Bilduren ordezkariak, koalizioaren ezezko jarreraren nondik norakoak azaldu ditu batzarrean, besteak beste, azken hilabeteetan mobilizatu diren herritarren kezkak jasoaz; osasuna, ingurugiroa, ekonomia. Zentzu honetan, Amilibiak, edozein proiekturen gainetik osasuna bezalako gai garrantzitsuei erreparatu behar zaiela adierazi du batzarrean, edonolako zalantzaren aurrean, lehentasunezkotzat joaz. Gogorarazi du, asko direla bai mediku eta bai ikerketak Errauskailua eta hainbat gaixotasun larri, minbizia tarteko, lotzen dituztenak.

Horrez gain, azpimarratu nahi izan du gipuzkoarrak birziklapenaren alde urratsak ematen ari direla eta Errauskailuak ez duela inolako zentzurik, ez baita, ez orain ez gero, Errauskailuak behar duen adina zabor sortzen. EH Bilduk herriz herri birziklatze tasak igotzeko alderdi ezberdinen artean lotzen ari diren akordioak txalotu ditu (Nafarroan, Debagoienan, Urola-Kostan, Legorretan...) eta bide horri ekinez, Errauskailuak ez duela inolako kabidarik eta datuek hala erakusten dutela adierazi du.

Guztia aintzat hartuta, adostasun zabalen beharra azpimarratu du Josu Amilibiak GHKko batzarrean eta ezezko botoa eman dio Errauskailuaren kudeaketa eta obraren esleipenari.

Akordio politikoak eta herritarren desadostasuna

GHKren batzarrak iraun bitartean milaka herritar kalean batu dira euren kezka eta desadostasuna adierazteko. EHBilduko kideek ere mobilizazioetan parte hartu dute “birziklapenaren alde, adostasun zabalen alde eta Errauskailua gelditzearen alde”. Udalerrietako herritar zein ordezkari politikoek Errauskailuak utziko dien zorra salatzeko probestu dute mobilizazioa.

EH Bilduk mobilizazioan parte hartzeaz gain, bart, abenduak 26, Podemos, Equo eta Ezker Anitzarekin batera gaurko batzarrean batuko ziren PNV eta PSEko ordezkariei esleipena bertan behera utzi eta elkarrizketarako eta akordioetarako jarrera adierazteko eskatu zien. Lau alderdien artean pasaden maiatzean sinatutako akordioa adierazitako konpromisoa berretsi eta manifestu bateratu bat argitara eman zuten, gaurko GHKko batzarreko erabakiak birziklatzearen, murriztearen eta berrerabiltzearen aurkako jarrera adierazten zuela azalduz.