Gaur goizean Gipuzkoako EH Bildu, Podemos, Ezker Anitza eta Equok akordio bateratua aurkeztu dugu ekonomia zirkularra eta zero zabor filosofiari buruzkoa. Iban Asenjok aurkeztu du testua, EH Bilduren izenean:

GIPUZKOAKO INDAR ERALDATZAILE ETA AURRERAKOIEN AKORDIOA, EKONOMIA ZIRKULARRA ETA ZERO ZABOR  FILOSOFIARI BURUZKOA

Orain hilabete batzuk Gipuzkoako indar eraldatzaile eta aurrerakoiek akordio markoa sinatu genuen Zubietako erraustegi toxikoa gelditzeko. Era berean, ikuspuntu globalago batetik, beste kontsumo eredu batera biratu beharra azpimarratu genuen, 'zero zabor' (zero waste) filosofian eta ekonomia zirkularrean oinarritutako eredura, alegia. Zentzu honetan, hurrengo xede hauek jaso genituen bertan:

  • Sortzen ditugun hondakin kopurua gutxitzea
  • Berrerabilpena eta birziklapena handitzea
  • Hondakinei errausketan oinarritzen ez den tratamendu alternatiboa ematea
  • Soluzio berriak bilatze aldera, Ikerketa + Garapena + Berrikuntzaren (I+G+B) aldeko apustua egitea. Edozein kasutan, inerteen biltegietarako bidea hartuz - inoiz ez zabortegi toxikoen bidea -, beti ere, ‘zero zabor’ helburuarekin.

Bihar goizean GHKk Erraustegiaren eraikuntza eta kudeaketa esleitu nahi ditu. Eta gure ustez, proposatutako eredua ez da zuzena:

  • Ez da bateragarria delako 3Rekin (murriztu, berrerabili, birziklatu): Erraustegiaren funtzionamenduarengatik ordaindu beharrekoa ez da bertan erreko den materia kopuruaren araberakoa izango. Eta, beraz, 3R horiek betetzea oztopatuko du. Gehien birziklatzen duten herriek eta gutxien birziklatzen dutenek adina ordaindu beharko dute.
  • Ez da Europak jarririko helburuekin bateragarria: Europako Komisioak eta Parlamentuak oso garbi utzi dute erraustegia ahalik eta gutxien erabili behar den irtenbidea dela. Gainera, Europak argi uzten du ere murrizketa, berrerabilera eta birziklatzearen kaltetan ezin dela inoiz errausketa erabili behar.
  • Ez da klima aldaketan aurkako borrokarekin bateragarria: Donostian erraustegiak eragingo ditu C02 isurketa handienak, garraio sektore guztia eta Cementos Rezolaren ondoren.
  • Ez da udalen soberaniarekin bateragarria: udalak erraustegiaren kuota fijoa ordaintzera behartuak egongo dira, beren hondakinentzat irtenbide ekonomiko eta jasangarriagoak aurkitu arren.
  • Ez da herritarren osasunarekin bateragarria: egun, mediku azterketa asko dira erraustegiek osasunean dituzten eragin larriak baieztatzen dituztenak. Minbizi, hazkundean arazoak eta malformazioak bezalako gaixotasun larrien sorrerarekin lotzen dira erraustegiak. Arrisku hauen aurrean erakunde publikoek zuhurtasun-printzipioa lehenetsi behar dute.

Gipuzkoako milaka eta milaka pertsonek etxe eta lantokietan hondakinak bereizteko ardura hartzen dute. Horrela, Gipuzkoako herritar anonimo guzti hauei esker, Gipuzkoan gaikako bilketan emaitza eredugarriak lortu ditugu.

Erraustegiak, murrizketa, berrerabilera eta birziklapenarekin bateraezinak dira. Eta ez dio mesederik egiten ez gure osasunari, ez eta arduraz jokatzen duten herritarrei ere.

Erraustea ez da murriztea, erraustea ez da berrerabiltzea eta erraustea ez da birziklatzea. Erraustea Europar batasunak lehenesten duen ekonomia zirkularren ereduaren kontrako norabidean doa. Murrizketa, berrerabilera eta birziklapenarekin bateragarri den hondakin kudeaketa bat lortu ahal izateko, Europar Batasunaren helburuekin bat egin ahal izateko, klima aldaketari aurre egin ahal izateko, eta herritarren osasuna bermatu ahal izateko, gure konpromisoak indartu eta eguneratu nahi ditugu:

  1. Hondakinen hierarkia-printzipioaren aplikazioan eta ekonomia zirkularrean oinarritutako Europako zuzentarauekin konprometitzen gara. Horrenbestez, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integrala zaharkituta dagoela deritzogu; bertan agertzen diren aurreikuspenak eta proposamenak desfasatuak baitaude.
  2. Hondakinak gutxitzeko konpromisoa hartzen dugu. Era berean, produktuen eko-diseinua bultzatzen dituzten lege eta arauekin konprometitzen gara, zabor kopurua gutxitzeko helburuarekin.
  3. Hondakin zatien birziklapen tasak hobetzera eta gaikako bilketa zabor tipologia gehiagoetara zabaltzera konprometitzen gara eta, baita ere, den-denok (enpresak, dendak, ostalaritza, zentro publikoak, etxeak...) jatorriko sailkapenean sakontzean.
  4. Materialak konpontzeko eta berrerabiltzeko gune publiko edo eta pribatuak sustatzera konprometitzen gara.
  5. Gipuzkoak ez du errausketa plantarik behar. Erraustegia eraikitzeak instituzioetako finantzak eta, horrenbestez, herritarrak hipotekatuko ditu hurrengo 35 urteetan, aipatu gabe ingurumenean eta pertsonen osasunean eragingo dituen kalteak.
  6. Zabortegi toxiko berrien irekiera edo eraikuntza arbuiatzen dugu. Edozein zabortegi motaren beharra gutxitzeko esfortzua egingo dugu, gure helburua birziklatu edo konpostatu ahal den zaborra ez isurtzea delarik, ezta tratatu gabeko hondakinak ere. Honela Lapatxen itxiera txalotzen dugu eta horrelako zabortegirik ez irekitzeko konpromisoa berrets nahi dugu, Ez Mutiloan ez beste inon.
  7. Gure ustez, beharrezkoa da gure eredu produktiboa berrantolatzea, hondakin guztiak berrerabilgarri, birziklagarri edo biodegradagarri izateko. Horregatik, lan egingo dugu helburu hori lortu ahal izateko, merkatu-nitxo berriak eta lanpostuak sortuz.
  8. Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako hondakinen inguruko diagnostikoa (prognosia) irreala da eta artifizialki puztuta dago. Beraz, txosten tekniko berri bat egingo dugu, eta eskatzen dugu erakunde independente batek egin dezala errealitatearekin eta Europako helburuekin bat datorren beste prognosi bat.
  9. Zabor tasen igoera, eta familien ekonomiengan izango duen eragina, salatu nahi dugu, bereziki, erraustegiaren eraikuntzarekin dagoelako lotuta, hau da, osasunaren, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspuntutik erabat jasanezina den azpiegitura batekin.
  10. Proposatzen dugun alternatiba bideragarria, eraginkorra, moldagarria eta jasangarria da, ingurumen zein osasun ikuspegietatik. Beraz, gure konponbidea ekonomikoagoa, ekologikoagoa eta osasuntsuagoa da eta berau konpost instalazioetan zein gaikako sailkapen eta tratamendu instalazioetan - material birziklagarri guztiak berreskuratuz eta gainontzeko hondakinen inertizatuz, kutsatu ez dezaten - oinarrituta dago.
  11. Errefusa gutxitzen duten udalak sarituko dituen hondakin kudeaketa sistema bat proposatzen dugu. Hondakinen murrizketa berrerabilera eta birziklatea bultzatuko dituen sistema bat eta guztion onurarako eta planetaren onurarako izango dena.

Gure konpromisoak eguneratu eta berreztearekin batera Gipuzkoako gizarte zibila eta hondakinen kudeaketan ardura duten arduradun politikoei, GHK eta Foru Aldundiari, dei egin nahi diegu, garai berriek eskatzen duten kudeaketa arduratsu, jasangarri baten alde egin dezaten.

Urte luzez eman daiteken gatazka sozial, ekonomiko eta juridikoetan erori gabe, elkarrizketa eta adostasunean sakontzeko deia egiten dugu. Adostasunaren bidean gure eskua zabalduta duzue, eta garbi dugu EAJPSEren gobernua, eta Markel Olano Jauna, egunen batean mahai baten bueltan gai honekin eseri eta akordioetara iritsi beharko dela.

Biharko GHKren bileran Erraustegiaren esleipena, alderdi politiko eta eragile sozialekin akordioa bilatu artean gelditzea eskatzen dugu, elkarrizketa eta eztabaidarako borondatea duenaren sintoma litzateke.

Amaitzeko, argi utzi nahi dugu, gaur hemen adierazitako proposamenak ez direla alderdi politiko baten edo batzuenak. Europar Batasunaren erakunde ezberdinek, hondakinen kudeaketa jasangarriari dagokionean emandako gomendioak baizik.