EH Bilduk Pasaia inguruko udalekin eta herritarrekin errespetuzko elkarbizitza eta harremanak dituen portu moderno baten aldeko apustua egin du gaur, portu europar bat, hain zuzen. Zoritxarrez, ordea, Portuko Agintaritzak XIX. mendean gelditzeko eta udalei bizkar emateko asmoa du beste behin ere. Izan ere, Pasaiako Portuko Agintaritzak Aldundiari eskatu dio udalek eta herritarrek Pasaiako Portuko Plan Bereziari egindako alegazioen aurkako erantzuna eman dezala. Horren aurrean, EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio biziberritze proiektua herritarrekin eta udalekin adostea.

Foru Gobernuak maiatzean eman zion hasierako onarpena Pasaiako Portuko Plan Bereziari. Hainbat herritar, udal eta gizarte eragilek, baina, alegazioak aurkeztu dituzte, beste arrazoi batzuen artean, herritarren parte hartzea alboratu egiten delako, udaletako eskumenak ez direlako errespetatzen eta lurrak hipotekatzen dituztelako, etorkizunerako konponbiderik eman gabe.

Portuaren inguruan bizi dira osasun baldintza okerrenak dituzten gipuzkoarrak, langabezia eta pobrezia gehien pairatzen dutenak. Plan Bereziak proposatzen dituen "hobekuntza" paisajistikoek ez dituzte herritar horien bizibaldintzak hobetuko, ez baitu aktibitateen inguruko inolako kontrolik areagotzen. Are gehiago, Plan Bereziak planteatzen dituen "hobekuntza" horiek la Herrera eta Gaintxurizketa pabiloi logistikoz betetzearen truke izango dira, inguruko sozioekonomia aktibatuko duten planteamendu berritzaileen ordez.

Gipuzkoako EH Bilduk herritarrek erabakitako biziberritzearen aldeko apustua egiten du, eta beste behin herritarren nahi eta erabakiei errespetua eta babesa adierazi nahi die. Gainera, Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio ez diezaiola bide eman inoiz La Herreraren eta Gaintxurizketaren gain planteatu den lur okupazio handienari, eta biziberritze proiektua herritarrekin eta udalekin adostea.