Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak datorren abenduaren 27an onartuko du Zubietako erraustegia eta gainontzeko instalakuntzak eraikitzeko esleipen proposamena. Eraikuntza eta esplotazio kontratu honen esleipenak eta orohar Zubietako erraustegiak herritar askoren desadostasuna eta kezka zabaldu ditu era honetako proiektuak dituen osasun, ingurugiro eta ekonomi arloko inplikazioengatik.

Gaurkoan, horiez gain, esleipen hau bai ala bai burutzeko presak eta egoskortasun politikoak horrelako proiektu batek behar dituen prozedura administratibo eta juridikoak ez dituela errespetatzen salatu nahi dugu, honoko argudioetan oinarrituz.

Lehenik eta behin proiektuari argi berdea emateko Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2016ko apirilaren 11an emandako ebazpena deuseza da. Argudio juridikoa oso sinplea da: ez dago aldatu (modifikatu) daitekeen Ingurumen Baimenik indarrean. Izan ere 2015eko martxoaren 31an GHK-k akordio bidez uko egiten dio Ingurumen Baimen Bateratuari eta Ingurumen-Inpaktu-Adierazpenari. Erabakia 2015eko apirilaren 15ean jaso zuen Eusko Jaurlaritzak eta beraz, jakinaren gainean da.

Bigarrenik: 2016ko martxoan luzapen bat ematen zaio 2010eko apirilaren 23an emandako erresoluzioari, baina erresoluzio honek argi uzten du gehienez 48 hilabeteko luzapena onartzen dela eta 2014ko apirilean luzapen bat eskatu eta hura onartu zenez, aurtengo martxoko luzapen honek 2010eko baimena urratuko luke.

Beraz, 2010eko apirilaren 23an onartu zen Ingurumen Baimen bateratua KADUKATUTA DAGO. Ezin da ez luzatu ezta moldatu ere.

Tartean, ingurumen inpaktuari dagozkion aldaketak egon dira (21/2013, Ingurumen inpaktua neurtzeko legea) eta 16/2002 Legeak ere aldaketak jasan ditu (RD 815/2013, 16/2002 Legearen erreglamendua onartzen duena). Aldaketa horiek 2010eko Ingurumen Baimen bateratua egungo gadakizun juridikoetara egokitu gabe egotea eragiten du eta ondorioz, GHKk erabili nahi duen baimen hau deuseza/nuloa da.

Deuseztasun kausez gain, deuseztagarritasun kausak ere egon daitezke:

  • 2016ko Martxoak 7ko ebazpenak zeinak baimena luzatzen duen ez du kobertura urbanistikorik 16/2002 legeak galdatzen duen lez eta Ingurumen Sailak (gutxienez aurreko ekipoak) badaki irregulartasun hori badela.
  • Bestetik 7/2008 Foru araua ere ez du betetzen Artzabalen aurreikusten zen zentroko 3 instalakuntzetatik bat ez baita egingo (eskoriak tratatzeko eta maduratzeko planta).Areago 201ko apirilaren 11ko ebazpenak kendu egin du 2010eko Baimen Bateratuak ezartzen zuen hobekuntza nabari hau, inongo argudiotan justifikatu gabe.
  • Badira beste argudio juridikoak aspektu teknikoen inguruan.

Irregulartasun juridiko hauen aurrean Hernani, Usurbil eta Oiartzungo udalek helegiteak tarteratu zituzten Urriaren 31n eta une honetan epaitegietan daude, tramitera onartuak izan dira.

Egoera honen larritasuna ikusirik, EHBilduko legebiltzarkide taldeak egungo Ingurumen Sailburua den Iñaki Arriolari azalpenak eman ditzala eskatuko dio interpelazio baten bidez

  • Ea Ingurumen Baimen Bateratua deuseza izateko edo deuseztagarria izateko argudio juridiko sendoak mahai gainean dituela eta epaitegian tarteratuta daudela ba ote dakien.
  • Ea egoera honen aurrean zer egin behar duen irregulartasunekin amaitzeko. Bereziki, ea abisu emango dion GHKri onartzear daukan esleipenak ez duela funtsezkoa den elementu bat betetzen: Ingurumen Baimen Bateratuarena alegia.

Zehazki Arriola Jaunari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu Ingurumen Baimen bateratu gaurkotu eta Indarrean egongo den bat izan arte proiektua bertan behera gelditzeko agindu diezaiola GHKri.

GHK-k eta Aldundiak badakite esleipen honekin aurrera jotzeak ondorio juridikoak izan ditzakeela eta Eusko Jaurlaritzari ardura eskatzen diogu GHKko kontseilariei eta Diputatu Kontseiluari abisu eman diezaien irregulartasunak daudela, irregulartasun horiek Proiektua ezin exekutatzera eraman dezaketela eta administrazioaren erantzukizun patrimoniala egon daitekeela.

Erantzukizun hori, noski azkenean herritarrok ordaindu beharko dugu.