Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu egin dute gaur kartzela politika urruntzailea pairatzen ari dien preso eta familien aldeko ebazpen proposamena, eta Espainako Gobernuari eskatu diote espetxe-politika birbideratzeko eta presoak hurbiltzeko. EH Bilduk aurkeztu zuen jatorrizko proposamena eta pozik agertu da lortutako akordio mailagatik: “Lau alderdik sinatzen dugu erdibideko testua: EH Bildu, EAJ, PSE eta Podemos taldeok, hain zuzen ere. Hau da, ganbera honetako 51 batzarkideetatik, 50k babestuko dugu erdibideko zuzenketa, inoiz gai honek Batzar Nagusietan izan duen babesik handiena lortuz”, azpimarratu du Ernesto Merino batzarkideak.

Onartutako ebazpen proposamenak zortzi puntu jasotzen ditu eta, besteak beste, Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernuari eskatzen diote “artikulatu dezala presoak hurbiltzeko politika bat”, gogoratuz “urruntze-politikak bereziki presoen senide eta gertukoei dakarzkien ondorio injustuak, eta, horien artean, gertatu diren zorigaiztoko trafiko istripuak”. Era berean, Foru Aldundiari dei egiten diote “salbuespeneko kartzela politika pairatzen ari diren preso eta familia gipuzkoarrei babesa emateko eta ahal duen neurrian laguntzeko”.

EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok gogoratu du estatu espainiarrean dauden 271 eta frantsesean dauden 78 euskal presoetatik, soilik bi daudela Euskal Herriko espetxeetan. “Horrek guztiak badu eragina presoengan, beren testuinguru naturaletik urruti daudelako, eta, batez ere, familiarrengan, urtean milaka eta milaka kilometro egin behar izaten dituztelako maite dituzten pertsonak ikusi ahal izateko. Halaber, zama ekonomiko izugarria dauka, eta baita arriskuak ere. Izan ere, sakabanaketaren 27 urte hauetan, 16 senide hil dira errepideetan. Datu bat ematearren, presoen senideek 337 istripu izan dituzte, horietatik 8 amaitzear dagoen 2016garren urtean. Bidegabekeria horri gehitu behar zaio gaixorik dauden presoen egoera, 70 urtetik gorako presoena edota zigorraren hiru laurdenak beteta dituztenenak, horiek denak kalean egon beharko liratekeelako”.

Merinok adierazi du, gainera, “ematen duela estatu espainiarreko gobernuak erabaki duela egoera usteltzen uztea, ea eztanda egiten duen, eta hortik etekin elektorala ateratzen duen. Zoritxarrez, oraindik hori salatu beharrean gaude”. Hala eta guztiz ere, pozik agertu da “gauzak aldatzen ari direlako, eta horren adibidea da gaur ganbera honetan sakabanaketaren kontra lortutako akordio zabala”.

• Langileen Parte-hartzea Sustatzeko Foru Araua

EAJ-PSEk Pertsona Fisikoen errentaren gaineko zergaren eta oinordetzen eta dohaintzen gaineko zergak aldatzeko Foru Arau proiektua onartu dute gaur. Xabier Olanok azaldu du EH Bilduk lau zuzenketa aurkeztu dituela testua hobetze aldera, eta horietatik hiru onartu ziren aho batez. Zehazki, emakumeen aldeko neurri positiboak ezartzea lortu da eta enpresatik kaleratuak izan diren langileek ez dituzte hobari fiskalak bueltatu beharko. EH Bilduren ustez, baina, ekimen hau hankamotz geratzen da. Bereziki, atzera pauso nabarmena suposatzen du langileen arteko aukera berdintasunaren ikuspegitik, jabearen esku uzten baitu enpresako kapitala erosi dezaketen pertsonen aukeraketa. Horregatik, EH Bildu abstenitu da eta Foru Araua zuzentzea eskatu du eskaintza langile guztiei zabalduz, inor diskriminatu gabe.

• Bidesariak

Bestetik, bidesari berriak ezartzeko Foru Araua onartu du Osoko Bilkurak, EAJ-PSE eta PPren babesarekin. EH Bildu abstenitu egin da aurkeztutako zuzenketak ez direlako kontuan hartu, adibidez, Gobernuak uko egin dio garraio publikoa sustatzeari; kudeaketa zuzenaren ordez azpikontraten alde egingo du eta Gipuzkoako garraiolariak zigortzen dituen bitartean, nazioarteko auto pribatuen trafikoari ere ez zaiolako eskatzen.

• Aralarreko kudeaketa

Azkenik, Aralarren kudeaketari buruz eztabaidatu da eta, EH Bilduren ustez, gabezi handiak egon dira instituzioek emandako azkeneko urratsetan. Aralarko artzaintzaren sostengua Aralarko kudeaketaren barruan kokatu behar da eta, horretarako, artzaintza jasangarriaz, artzainen bizi zein lan baldintza duinez hitz egin behar dugu, baina baita ere, bermeak eskaintzen dituen kudeaketa publikoaz. “Gaia serioa da eta aurrera begirako adostasun zabalak dituzten planteamenduak lantzea ezinbestekoa da. Denbora galdu gabe eta eraginkortasuna bilatuz egitasmo berriaren proposamena lantzeko behar diren bermeak, informazioa, gardentasuna eta parte hartzea eskaini behar dugu”, azaldu du Judit Garcia batzarkideak.