Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dute gaur EH Bilduk Foru Gobernuaren 2017ko Aurrekontu Proiektuari aurkeztutako Osoko Zuzenketa. Xabier Olanoren hitzetan, “Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei dagokienean, eta gipuzkoarren beharrak asetzeko tresna eraginkorra izan beharko lukeen Aurrekontu Proiektuak ez ditu konpontzen herritarron arazo larrienak. Ezta urrunetik ere”. Koalizioak proiektua hobetzeko borondatea adierazi arren, EAJ-PSEren erantzuna ezezkoa izan da, ez baitago prest murrizketa sozialak bertan behera uzteko; ez enplegu duina sustatzeko, ezta zerga-erreforma progresiboa egiteko. Aldiz, Foru Gobernuak PPrekin adostu omen ditu 17 zuzenketa. “Eskuin espainolak eta eskuin abertzaleak interes berdinak defendatzen dituzte”, adierazi du Xabier Olanok.

2017ko Aurrekontuek argi uzten dute Gizarte Politika ez dela lehentasuna Foru Gobernuarentzat. Hala izan balitz Departamentu horren pisu erlatiboa ez litzateke bigarren urtez jarraian gutxituko (%48tik gora mantendu zen aurreko legealdian. 2017an, aldiz, %46,6ra jaitsiko da). “Gero eta zaharragoa den jendartean eta gauden krisi garaian, dugunari eustea ez da nahikoa, ongizate sistema gero eta indartsuagoa behar dugu gipuzkoarron beharrei aurre egiteko”, azpimarratu du Xabier Olanok. 

Bestetik, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko ahalegina oso motz gelditzen da (% 0,41 gutxitzen da Ekonomia Sustapenerako Departamentuaren aurrekontua). Gainera, proiektuak ez dio erantzuten ehun produktiboak dituen arazo estrukturalei. Enplegua mantentzen duten enpresa txiki eta ertainek dituzten zailtasunak ez dira behar bezala kontuan hartzen. Tokiko garapenaren aldeko apustu sendorik ez da egiten. Eta ekintzailetza ez da behar bezala sustatzen.

Eredu fiskalari dagokionez, Xabier Olanok ohartarazi du desoreka handiak agertzen dituela Foru Gobernuaren proiektuak: “Desoreka larria ez da egun batetik bestera gertatzen. Azken 16 urteetako zerga-bilketa datuak oso kezkagarriak dira Gipuzkoan. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bilketa garbia azken 16 urtetan % 184 igo da. Aldiz, Sozietateen zergak kontrako norabidea erakutsiko digu: Erdira jaitsi da azken 10 urteetan (% 57,5 -) eta azken 16 urteetako diru bilketarik baxuena izango du aurten. Eboluzio hau ez da kasualitatea. Zerga araudiak eskuzabaltasunez jasotzen ditu ordainketari ihes egiteko aukera ugariak”.

Beraz, EAJk PSE eta PPrekin onartuko ditu inolako aurrera urratsik ekarriko ez dituzten Aurrekontuak. EH Bilduk, aldiz, aurrera jarraituko du aurkeztutako proposamenekin, eskatuz, besteak beste, zerga erreforma progresiboa; 13 milioi gehiago bideratzea gizarte zerbitzuetara; 6,8 milioi gehitzea enplegua mantentzen duten enpresa txiki eta ertainentzako programa bereziak egiteko eta tokiko garapena sustatzeko.