Gipuzkoako Aldundiko 2017ko Aurrekontuak ez die gipuzkoarrek dituzten beharrei erantzuten. Hori dela eta, EH Bilduk proiektua hobetzeko hainbat ekimen aurkeztu zizkion Foru Gobernuari. EAJk eta PSEk, baina, koalizioak egindako proposamenei ezezkoa eman zioten atzo. Hortaz, EH Bilduk gaur iragarri du Osoko Zuzenketa eta 111 zuzenketa partzial aurkeztu dituela Batzar Nagusietan. Guztira, 87 milioi euroko hobekuntzak proposatu ditu: “Guztiak egingarriak dira, gipuzkoarren mesedeetara begira daude eta herritarren beharretara erantzuten dute. Izan ere, murrizketa sozialik gabeko aurrekontuak lortu ditzakegu gure zuzenketekin, eta gipuzkoarrentzako enplegu duina sustatzen duen proiektua. Dirua egon badago, Gobernuari falta zaiona, zoritxarrez, borondatea da. Hala eta guztiz ere, gure eskaintza indarrean jarraitzen du, eta EAJ-PSEk gauzak hobetzeko borondatea erakutsiz gero, prest egongo ginateke Osoko Zuzenketa atzera botatzeko”, adierazi du Xabier Olanok.

Oihane Zabaleta eta Xabier Olano bozeramaleek agerraldia egin dute gaur zuzenketak aurkezteko epemuga bete aurretik, Ainhoa Beola eta Judit Garcia batzarkideekin batera. Oihane Zabaletak adierazi duenez, EH Bilduren helburua da “aurrekontu sozial eta parte-hartzaileak eraikitzea Gipuzkoan, etorkizunari begiratuz, akordio politiko eta fiskal zabalekin. Akordio horiek bilatzearen helburua zera da: herritar guztien eskubideak eta ongizate-egoera indartzea eta enplegu duina sustatzea. Eta, eskubide horiek finkatzeko, aberastasuna birbanatzeko diru-bilketa formularik bidezkoenak ezartzea”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017rako aurkeztu duen Aurrekontuak ez ditu baldintza horiek betetzen. EH Bilduk proiektua hobetzeko borondatea adierazi arren, Foru Gobernuaren erantzuna ezezkoa izan da, ez baitago prest murrizketa sozialak bertan behera uzteko ezta enplegu duina sustatzeko neurri zehatzak bultzatzeko. Gainera, espresuki aipatu dute oztopo bezala aberastasunaren birbanaketa politikek, beraz, zerga-erreforma zuzena, bidezkoa eta progresiboa egitearen kontra daude.

Hortaz, Xabier Olanok iragarri duenez, EH Bilduk Osoko Zuzenketa aurkeztu du eta, horretaz gain, 111 zuzenketa partzial. Guztira, 87 milioi euroko hobekuntzak proposatu ditu: Horiekin, Gipuzkoako gizarteari eskaintzen dizkiogun alternatiba eta ekarpen nagusiak hauek dira:

  • Lehenik eta behin, Gipuzkoako Aldundiak datorren urtean jasoko dituen Diru-sarrerak handitu behar dira. Handitze horrek Sozietateen
    irabazien gaineko zergatik etorri behar du, zerga itunduek bataz beste izan duten neurri berean igoz. Horrela, 21.392.000 euro gehiago izango ditugu gipuzkoarren beharrei aurre egiteko.
  • Inbertsioei dagokienez, proposatzen dugu 13 milioi euro gehiago bideratzea gizarte zerbitzuetara, Departamentu honek berreskura dezan aurreko legealdian zuen inbertsio maila, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 48. Gehikuntza horri esker, finantzatu ahal izango dira hainbat hobekuntza, adibidez, aparteko txoke plana zahar egoitza zerbitzuetan dagoen itxoite zerrenda luzea murrizteko.
  • Ekonomia sustapenean apustu handiagoa egiten dugu eta 6,8 milioi bideratzen ditugu enplegua mantentzen duten enpresa txiki eta ertainentzako programa bereziak egiteko eta tokiko garapena eta ekintzailetzaren sustatzeko.