Ostiralean, EH Bilduk Gipuzkoako Foru Gobernuari bidali zion 2017ko Aurrekontuak negoziatzeko lehentasunak jasotzen dituen dokumentua, negoziaketa fasearen lehenengo bileran adostu bezala. Bertan, koalizioak proposatu du 13 milioi gehiago inbertitzea gizarte zerbitzuetan (adinekoen egoitzetako itxaron zerrendarekin bukatzeko eta egindako murrizketak ezabatzeko) eta 4,5 milioi gehiago bideratzea ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko. Horietaz gain, zerga iruzurraren aurkako borroka indartzeko, elikadura burujabetza bultzatzeko edo bidegorriak eta konpost planta berriak eraikitzeko diru-partidak ere aurreikusten dira. Guztira, 62 milioi euroko hobekuntzak proposatu dizkio EH Bilduk EAJ-PSEri. Horien barruan, Sozietateen Irabazien Gaineko zergaren bidez Diru-sarrerak 21,4 milioietan handitzea proposatu du.

EH Bilduk Foru Gobernuaren ordezkariekin bildu zen abenduaren 17an aurrekontuen negoziaketa fasea abiatzeko, eta Aldundiarekin adostasuna bilatzeko borondatea adierazteaz gain, EAJ-PSEri bere ekarpen nagusienak abenduaren 25erako bidaltzeko konpromisoa hartu zuen. Hortaz, EH Bilduko bozeramaileak, Xabier Olanok, diputatu nagusiari zuzendu zion ostiralean idatzi bat koalizioaren lehentasunak azaltzeko. Era berean, eskatu zion EAJ-PSEren erantzuna astelehenean jasotzea, asteartean Osoko Zuzenketak aurkezteko epea bukatzen baita:

EH Bilduren ekarpen nagusiak Gipuzkoa 2017 aurrekontuak hobetzeko:

Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei dagokionean. Gipuzkoarren beharrak era egokian asetu nahi izateak erantzukizunez jokatzea exijitzen du eta, ahal bada, akordioa lortzea. Hori dela eta, 2017rako Aurrekontuen lanketan Aldundiarekin adostasuna bilatzeko prest gaude, bi baldintza nagusi betetzen badira: batetik, murrizketa sozialak bertan behera uzten badira, eta, bestetik, enplegu duina sustatzeko neurri zehatzak bultzatzen badira. Horretarako, diru-sarrerak eta aberastasunaren birbanaketa politikek garrantzia estrategikoa dute. Diru-sarrerak handitzeak bidea irekiko du inbertsioak egiteko enpleguaren sorreran, eta babes soziala eta zerbitzu publikoak hobetzeko politiketan.

Gipuzkoako 2017ko Aurrekontu Proiektua hobetzeko helburuarekin ezinbestekoa da, gure ustez, jarraian azaltzen ditugun aldaketa sakonak onartzea:

  1. Gizarte politikak benetako lehentasuna izateko neurri zehatzak onartu behar dira. Horregatik proposatzen dugu 13 milioi euro gehiago bideratzea gizarte zerbitzuetara, Departamentu honek berreskura dezan aurreko legealdian zuen inbertsio maila, zehazki, Aurrekontu Orokorraren % 48. Gehikuntza horri esker, finantzatu ahal izango dira hainbat hobekuntza, adibidez, aparteko txoke plana zahar egoitza zerbitzuetan dagoen itxoite zerrenda luzea murrizteko, 2017an sortu behar diren plazei 100 plaza gehitzeko helburuaz eta horretarako 1.800.000 euro ezarriz. Eta bestetik, Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntzari kentzen zaion dirua gizarteratzera bideratua izan dadin, 4 miloi euro Gizarteratzeko prozesuetarako Laguntza ekonomiko berria sortuz, eta 1.000.000 euro gizarteratzeko bizilekuen programa indartzeko.
  2. Ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko 3 neurri jotzen ditugu ezinbesteko: ekintzailetasun programak indartu behar dira, 2 milioi gehiagoz, Gipuzkoako industria eraldatzeko programan enpresa txiki eta ertainen osasun egoera aztertzeko eta onbideratzeko programa abiarazteko milioi 1 euro eta tokiko garapenean eskualde mailako proiektu estrategikoak garatzeko partida, 1,5 milioi eurokin. Guztira, ekonomia sustatuz enplegu duina sortzeko 4,5 milioi gehiago.
  3. Elikadura burujabetza bidean, tokiko proiektu estrategikoak sustatzeko programa. Landaola fundazioaren bidez, Landa Garapen Elkarteek kudeatzeko partida, 800.000 euroz hornitu behar da.
  4. Europako zuzentarauak eta hondakinen kudeaketaren hierarkiak agindutakoa betez, konpost planta berrietan 6 milioi inbertitu behar ditu Foru Aldundiak, GHKren egoera larria estaltzeko transferentzia egin beharrean.
  5. Antzuola-Bergara bide zatia BIDEGIk egoki burutu dezan, inbertsio horren gastua eta kapital sarrera berdinak izan behar dute, biak 17.072.235€. Beraz Bide azpiegituretatik Bidegiri egiten zaion finantza aktiboa 4.657.118€tan gutxitu behar da.
  6. Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustu eraginkorra bultzatuz, bidegorriak eraikitzen jarraitu behar da, horretarako 5 milioi gehiago jarriz eta lehentasuna duen Donibane eta Lezo arteko bidegorria eraikiz.
  7. Zerga iruzurraren aurkako borrokan baliabide pertsonal gehiago jarri behar dira eta Lan Eskaintza Publikoa berehala martxan jarri. Horretarako 975.000 €.
  8. Diru-sarreren handitzea Sozietateen irabazien gaineko zergatik etorri behar du, zerga itunduek bataz beste izan duten neurri berean igoz, hau da 21.392.000€.

Gure ekarpen nagusienei buruz hitz egiteko prest gaude eta ahal bada adosteko ere bai. Aldiz, erantzun positiborik ez balute jasoko, Osoko zuzenketa aurkeztera behartuak egongo ginateke. Horrexegatik erantzuna eskatzen dugu azaroaren 28rako.