EH Bilduren ustez, oso larria da instituzio publikoek kudeatzen duten Donostia 2016 ekimenak hainbat euskal presok egindako lana zentsuratzea. Horregatik, Markel Olano eta Denis Itsasoren agerraldi urgenteak eskatu ditu Batzar Nagusietan argitu dezaten zeinek hartu duen artisten eta komisarioen adierazpen askatasunaren aurkako erabakia. Gainera, EAJ eta PSEri exijitu die neurriak har ditzatela urratutako eskubideak onbideratzeko eta egun gertatzen ari den zentsurarekin amaitzeko lehenbailehen.

Donostia 2016k antolatutako Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketaren aurkezpen publikoa izan zen atzo. Bertan, erakusketaren komisarioak berak jakinarazi zuen hiru artelan zentsuratu dituela Kultur Hiriburutzak, Euskal preso politiko eta preso ohiek egindako obrak izateagatik.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok adierazi duenez, “erregimen autoritarioetan gertatzen den fenomenoa da zentsurarena, herrialde demokratikoetan eta herri libreetan tokirik ez daukana. Beti da albiste txarra, beraz, zentsuraz jardutea. Are gehiago kasu honetan, Gipuzkoako botere publikok inposaturiko erabaki bati buruz ari garelako. Onartezina da Diputazioak eta Donostiako Udalak artisten pentsaera politikoa edo egoera pertsonala aitzakiatzat hartuz, bere jardun artistikoak zentsuratzea. Zentsura ideologikoa da hau, frankismoan bezala. Adierazpen- askatasuna oinarrizko eskubide bat da eta, beraz, aginte publikoek babestua, ziurtatua eta bultzatua izan behar du”.

Xabier Olanoren hitzetan, “zentsura botere instituzionaletik datorren ekinbide penagarria da”. Horregatik, Foru Aldundiko eta Donostiako udaleko agintariei eskatu die “hartu beharreko neurriak har ditzatela urratutako eskubideak onbideratzeko eta egun gertatzen ari den zentsurarekin amaitzeko”. Zehazki, exijitu die konpromiso publikoa eta neurri zehatzak har ditzatela horrelako presiobide gehiago erabiliko ez dutela bermatzeko, eta erakunde publiko guztietan askatasun publiko guztiak babestu eta ziurtatuko direla bermatzeko.

EH Bilduk elkartasuna eta babesa helarazi nahi die beren lan eta iritziengatik erakunde publikoek jazarri eta kriminalizatu dituzten euskal artista guztiei, eta bereziki, Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketako komisarioei.