Gipuzkoako EH Bildu Foru Gobernuaren ordezkaritza batekin bildu da gaur herrialdeko aurrekontuei buruzko kontaktu errondaren barruan, EAJ-PSEk aurkeztutako proiektua hobetuko duten ideia eta ekimen berriak proposatzeko. Xabier Olano bozeramaileak esan duenez, “Gipuzkoan behar handiak daude, bereziki enplegu duinari eta gizarte politikei begira. Egoera ekonomikoak erantzukizunez jokatzea exijitzen du eta, ahal bada, akordioa lortzea. Hori dela eta, Aldundiarekin ados jartzeko prest gaude, bi baldintza betetzen badira: batetik, murrizketa sozialak bertan behera uzten badituzte, eta, bestetik, enplegu
duina sustatzeko neurri zehatzak bultzatzen badituzte. Horretarako, aberastasunaren birbanaketa politikek garrantzia estrategikoa dute”.

Xabier Olano, Judit Garcia eta Haritz Salaberria batzarkideek foru gobernuaren ordezkaritza batekin bildu dira Diputazioan. EH Bilduko bozeramaileak eskua luzatu dio diputatu nagusiari, aurrekontuetan zer hobetzerik badagoela ikusten duelako. Bileran hitz egindakoaren arabera, EH Bilduk azaroak 25erako helaraziko dizkio Foru Gobernuari bere ekarpen garrantzitsuenak, eta EAJ-PSEren erantzunaren arabera erabakiko du 2017ko Aurrekontuari Osoko Zuzenketa aurkezten dion ala ez.

Bi izango dira aurrekontuen eztabaidan EH Bilduk mantenduko dituen irizpide nagusiak. Alde batetik, murrizketa ekarriko duten aurrekonturik ez du onartuko: “Pertsonak jartzen ditugu gure proiektuaren erdigunean eta, beraz, arlo sozialean, enplegu duinaren sorreran eta zerbitzu sozialetan edozein modutako murrizketa ekarriko duten aurrekonturik ez dugu onartuko”.

Zentzu honetan, Xabier Olanok gogoratu du “aurrekontuak inoiz baino baliabide gehiago dituen arren - 40 milioi gehiago, hain zuzen ere -, Diputazioak jaitsi egin duela Ekonomia Sustapenerako dirua (% -0,14) eta murrizketa sozial oso larriak aurreikusi dituela Gizarte Politikako Departamentuan, besteak beste, 5 milioi euro gutxiago inbertituko ditu Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzan eta zaharren egoitzetan atzerapenak”.

Bestetik, aurrekontuen inguruko eztabaida diru-sarrerekin eta, beraz, politika fiskalarekin hertsiki lotuta daudela azpimarratu du Xabier Olanok: “Diru-sarrerak handitzek bidea irekiko du inbertsioak egiteko enpleguaren sorreran, eta babes soziala eta zerbitzu publikoak hobetzeko politiketan. Hortaz, zerga-erreforma zuzena, bidezkoa eta progresiboa bultzatzea ikusten dugu beharrezkoa. Horregatik, gastuaren banaketarekin batera, bilketa mekanismoetan jarriko dugu arreta berezia aurrekontuak negoziatzeko garaian”.

Adierazi duenez, “hitz egiteko eta adosteko borondatearekin” egin dio aurre EH Bilduk negoziazioari, eta gobernuaz gain, eragile sozial askorekin hitz egiteko asmoa azaldu du, “aurrekontuen eztabaida instituzioetako lau hormetatik harago joan behar dela uste baitugu”.