Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016rako prestatu dituen aurrekontuetan, 10 milioi euro Bidegin injektatzea aurreikusi behar izan du kapital gehikuntza bat egiteko, foru sozietateak duen egoera finantzari kezkagarriaren ondorioz. Diru hori ez da erabiliko datorren urtean Etzegarateko peajea eraikitzeko, Foru Gobernuak esan duen bezala, 2016ko aurrekontuan ez baitago inbertsiorik aurreikusita. Beraz, Bidegiren osasun ekonomiko ahularen ondorioz, Diputazioak 10 milioi euro gutxiago izango ditu Gizarte Politikan eta gainontzeko beharretan inbertitzeko.

Gaur Batzar Nagusietan egindako agerraldian, Bide-Azpiegituretako diputatuak behin eta berriro esan du Bidegiren zorrak ez dituela baldintzatzen Aldundiko aurrekontuak. “Gauza bat behin eta berriro errepikatu arren ez da egia bihurtzen, eta Bidegiren egoera ekonomikoa ona dela esatea gezurra da”, erantzun du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok, eta diputatuari gogoratu dio “Foru Gobernuak aurreikusi behar izan duela 2016an 10 milioi euroko kapital gehikuntza egitea Bidegin. Horrek jan egingo ditu beste behar batzuetara bideratu zitezkeen baliabideak, adibidez, gizarte zerbitzuetan murrizketarik ez egitera.

Xabier Olanok azpimarratu duenez, Bidegiko egoera ekonomikoa ez da larriagoa aurreko legealdian hartutako neurriei esker. Alde batetik, Bidelanekin sinatutako akordioagatik 17 milioi euro aurreztu zirelako, eta bestetik, iruzurraren aurkako neurriengatik. Eta hori ez du EH Bilduk esaten, baizik eta Foru Gobernuak berak, 2016ko aurrekontuen Memorian. Bertan, hitzez hitz, esaten da:

  • “2013ko azaroaren 26an Bidegi eta Bidelanek akordio pribatu bat sinatzen dute. Bertan, urtero gehienez ordaindu beharreko kantitateak zehazten dira. Akordio honek Bidegiri 17 Mio. Eroko aurrezpena suposatzen dio 2013-2018 epean”.
  • “2015ean zehar iruzurraren aurka aurrera eramandako jarduerak, kanonagatiko diru-sarreren berreskurapena suposatu du, trafiko igoeren zenbatekoaren hainekoa”.

EH Bilduko batzarkide Iban Asenjok gogoratu du aurreko gobernuak 2011n bertan iragarri zuela Bidegik 2015etik aurrera arazo larria izango zituela 900 milioi euroko zorrari aurre egiteko. Zulo horren jatorri dira obretan egondako gainkostuak (300 milioi) eta kreditu kontratua sinatzerako orduan ezarri ziren zirkulazio handitzeen aurreikuspen neurrigabeak.

Egoera larria izan arren, aurreko legealdian ikusi ahal izan genuen Bidegi erantzukizunez kudeatu ahal dela: “Kudeaketa garbia egin zen, diru publikoarekin arduratsua. Obretako gainkostu esajeratuak ekidin ziren eta ez zen sinatu kontratu blindatu neurrigabekorik, EAJren garaian egin zen bezala”.