Gipuzkoako Foru Aldundiak murrizketetan eta kontinuismoan oinarritutako Aurrekontu Proiektua aurkeztu du 2017rako. EAJ-PSEk zaharkituak geratu diren politikak mantentzen dituzte eta ez dute proiektu berritzailerik. Horregatik, EH Bilduren ustez, Foru Gobernuak ekimen politiko urria erakusten ari da eta ausardia falta zaio Gipuzkoako arazo nagusiei aurre egiteko.

Foru Aldundiko diputatuek Departamentuetako aurrekontuak aurkeztu dituzte gaur Batzar Nagusietan. Markel Olanok adierazi du 2017ko aurrekontuaren helburua sustapen ekonomikoa indartzea eta desberdintasun sozialak gutxitzea dela. “Gauza bat esan, eta beste bat egin”, erantzun dio Xabier Olanok.

Datuek horrela erakusten dute: “Aurrekontuak inoiz baino baliabide gehiago dituen arren - 40 milioi gehiago, hain zuzen ere -, Diputazioak jaitsi egin du Ekonomia Sustapenerako Departamentura bideratzen den dirua (% -0,14). Gipuzkoarren kezka nagusia enplegua da, baina aurrekontuetan murrizketak daude eta, gainera, betiko errezetak ikusten ditugu. Berriro ere, enpresa txiki eta ertainetarako, eta enpleguari eusten dioten tokiko garapenaren agentzietarako, baliabide gutxi”.

Beste hainbeste gertatzen da Gizarte Politikako Departamentuan: “Zerbitzu sozialek pisua galtzen dute aurrekontuetan eta murrizketa sozial oso larriak ezartzen ditu Foru Gobernuak. Izan ere, pobreziari aurre egiteko 5 milioi euro gutxiago inbertituko ditu 2017an, kendu egin nahi duelako 1.422 familia pobrek, 700 umek, jasotzen duten Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza”.

Diru-sarrerei dagokienez, EH Bilduko bozeramaileak adierazi du aurrekontua erabat desorekatuta dagoela: “EAJren ereduarekin, zerga zama gehiena langileen bizkar geratzen da. Langileek % 35 ordaintzen dute; kontsumitzaileek, % 38, eta Sozietateek, % 5 besterik ez. Erreforma fiskal sakona behar da”.

Bestetik, EH Bildu batzarkide taldeak Foru Gobernuaren Aurrekontu Proiektuan azaltzen diren hainbat murrizketa salatu ditu:

  • Berdintasuneko Departamentuak izoztu egin du Indarkeria matxistari aurre egiteko ekimenen aurrekontua. Gainera, % 20 murrizten da emakumeen jabekuntzarako dirua eta desagertu egiten da jai parekideak bultzatzeko programa.
  • Jaitsiera nabarmena dago garraio jasangarrian: 475.000 euro gutxiago inbertituko dira Bidegorrien sarean, % 21eko jaitsiera suposatzen du. Gainera, Diputazioak ez du martxan jarriko autobus zerbitzu berririk 2017an.
  • 5.000 biztanle baino gutxiago duten herrietan kultur jarduerak sustatzeko diru-laguntzak kendu ditu Diputazioak.
  • 1,5 milioi euro gastatuko ditu Gobernuak publizitatea eta propagandan.