Gipuzkoako Foru Gobernuak gizarte zerbitzuekiko duen konpromiso eza agerian geratu da berriro ere, Gizarte Politikako diputatuak Kabiari buruz gaur egindako agerraldian: EAJko ordezkariak urte beteko atzerapena iragarri du udal egoitzak kudeatzeko egutegian, beraz, indarrean dagoen Foru Araua ez duela beteko aitortu du. Diputatua, gainera, ez da konprometitu ezta egutegi erria finantzatzera ere; bere Gobernuak diru nahikorik ez jartzea erabakitzen badu, proiektua berriro atzeratuko da. EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinoren hitzetan, jarrera horrek “ez du ez hanka ez bururik”, egoera kezkagarrian jartzen ditu egoitzetako langileak eta, gainera, aurrera eraman da egoiliarrekin, familiarrekin, udal ordezkariekin eta sindikatuekin adostu gabe.

Aurreko legealdian, Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu zuen, adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bere gain hartzeko, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa betez. Horretarako, prozesua bi fasetan osatzeko egutegia jasotzen zuen Foru Araua onartu zuten Batzar Nagusiek. 2015ean, Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia eta Lasarte-Oriako egoitzak bereganatuko zituen; 2016an, beste sei eta 2017-2018an, gainontzekoak. Aurreko legealdian, lau egoitzen eskualdaketak gauzatu ziren arren, Gobernu berriak prozesu guztia izoztu du, eta urte beteko atzerapena ezartzen duen plangintza berria aurkeztu du gaur.


“Foru Arauan jasota dagoen legezko egutegiak ezartzen du 2018rako prozesua amaituta egon behar dela. Baina Foru Gobernu honek erabaki du, legalitatea urratuz, 2019ra arte luzatzea. Edozein legelarik azalduko lizuke Foru Arau bat ezin dela plangintza baten bidez aldatu. Aldatu nahi izatekotan, beste Foru Arau baten bidez egin behar da. Beraz egutegi aldaketa hori legez kanpokoa da. Eta, zentzu horretan, argi esan behar dugu prebarikazio politiko baten aurrean gaudela”, esan dio Ernesto Merinok diputatuari.

Batzarkideak, gainera, gogoratu du aurreko legealdian EAJk, PSEk eta PPk foru diputatu baten aurka aurkeztutako zentsura mozioaren zioak honako hau jasotzen zuela: “[Foru diputatuak] plangintza berri bat aurkeztu du Batzar Nagusietan indarrean dagoen Foru Arauan jasotako plangintzarekin erabat hautsiz”.

Horretaz gain, Foru Gobernuak Kabia proiektua aurrera eramateko ezgaitasunaren adibiderik larriena, Merinok azpimarratu duenez, egutegiaren azalpenaren bukaeran jasotako esaldi hau da: “Será también condición necesaria e imprescindible que haya presupuesto para poder cumplir el calendario propuesto, y en caso contrario habrá que modificar y adaptar el calendario”. Esaldi horrek Foru Gobernuak aurkeztutako plangintza guztia indargabetzen du. Ez baitira kapazak ezta beraien egutegiarekin konprometitzeko ere.

Maite Peña diputatuak, gainera, ez du erantzunik eman EH Bilduko batzarkideak egindako hainbat galderen aurrean. Hortaz, argitu gabe utzi du zein izango den udal egoitzetako langileen etorkizuna: “Langileen egoerak kezkatzen du gure taldea modu berezian. Zer gertatuko da azpikontratatutako langileekin? Pasaian eta Irunen bi egoitza berri aurreikusten dira. Zer gertatuko da itxiko diren zentroen langileekin?”.