EH Bilduko taldeak aurrekontuen lehen gainbegiratuaren ostean eginiko balantzean, bereziki kezkagarritzat jo du Gipuzkoan aurrekontuen bataz bestekoa %5,51 igotzen denean gizarte politikak, ekonomia sustapena eta kultura alorretan jaitsiera proposatu izana. Zentzu honetan, EH Bilduk datozen asteetan zabalduko den ebazpenak aurkezteko zein negoziatzeko bidean gizarte politikak lehen lerroan ezartzeko proposamena mahai- gaineratuko duela jakinarazi du.

Gaur aurkeztu du Gipuzkoako Diputazioak datorren ikasturterako aurrekontuen proposamena Gipuzkoako Batzar Nagusietan. EH Bilduko taldeak, eginiko aurrekontuen proposamenean jasotako gastuen lehen errepasoan, aurrekontu osoa bataz beste %5,51 igotzen dela ikusten dela adierazi du (2016ko kudeaketarako aurrekontuarekin konparatuta), baina bataz besteko igoera horren gainetik 3 departamendu baino ez daudela nabarmendu du (gobernantza, bide azpiegiturak eta ingurumena) eta beste sei azpitik (Diputatu nagusia, kultura, ekonomia sustapena, mugikortasuna, ogasuna eta gizarte politikak). Honek, EH Bilduren ustez, agerian uzten du Diputazioaren lehentasunak zein diren. EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du gizarte politikak eta ekonomia sustapena lehentasun nagusien artean kokatzea.

Ekonomia sustapenari dagokionean gainera, tokiko garapena ageri da kaltetuen eta lehen sektorearen garrantziak jaitsiera nabarmena du. Gizarte politiken alorrean, duela hilabete batzuk AGIa kentzeko hartutako erabakiaren ondorioz Diputazioak aurreztuko dituen 5 milioiak ez direla, Diputazioak aurrez adierazi moduan, gizarteratzera salatu du.

Horrez gain, beste behin ere sarrerak desorekatuak direla nabarmendu dute, langileek ordaintzen dituzten pertsona fsikoen gaineko zerga igo egiten baita %3,06 eta aldiz sozietateek euren irabaziengatik ordaindu behar duten zerga, sozietateen gaineko zerga, jaitsi egiten baita %7,15 (hau da, 18,5 milioi gutxiago).

EH Bilduk beste hainbat arloetan ere atzera urratsak daudela nabarmendu du. Garraio publikoari dagokionean garapen falta agerikoa dela salatu du eta bide gorrien eraikuntzako laguntzak urtez urte gutxituz doazela azpimarratu. Parte hartzeari dagokionean, dokumentuan zehar gaiaz asko hitz egiten den arren, gastuetan horren aldeko apusturik ez dela egiten adierazi du.

EH Bilduko taldeak bereziki larritzat jo du krisiari eta langabeziari aurre egiteko neurri eraginkorrik ez jaso izana aurrekontuen proposamenean eta adierazi nahi izan du, datorren ikasturteko aurrekontuak Diputazio berriak hasitako bidearen jarraipena baino ez direla, ematen diren aldaketa apurrak okerrera egiteko direlarik. Zentzu horretan, EH Bilduk aurrera egiteko proposamenak aurkezteko konpromisoa hartu du.

EH Bilduk beharrezkoa ikusten du datozen asteetan aurrekontu hauek negoziatzeko bideak zabaltzea Batzar Nagusien parte diren gainontzeko alderdiekin eta jakinarazi du ere EH Bilduk aurrekontuen proposamenen lanketa Gipuzkoako hainbat eragilerekin konpartitzeko asmoa duela.