Gipuzkoako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuak azkeneko urteetan bizi duen higadura eta gainbeherari buelta emateko helburuarekin, Batzar Nagusietan ponentzia berezi bat osatzea eskatu du EH Bilduk. Izan ere, 2012tik %10 ordu gutxiago inbertitu dira zerbitzu honetan, horrek eragiten duen lanpostu galerarekin, eta datozen urtetarako ez da hobekuntzarik espero. EH Bilduren iritziz, zerbitzu hau bidegurutzean dago eta berandu baino lehen neurriak hartu behar dira.

Gainera, zerbitzuaren finantzazioaren inguruan zalantza asko sortzen dira. EH Bilduren iritziz, “gainbeherari buelta eman nahi badiogu Gizarte Zerbitzuen Legeak ezartzen duen administrazioen arteko finantza- doiketa zehaztu behar da”. Izan ere, nahiz eta Foru Aldundiak finantzatu, etxez-etxeko zerbitzua udal zerbitzua da. Zentzu horretan, Ponentziaren eraginkortasuna biderkatzeko, EH Bilduk udalen ordezkaritza baten parte hartzea eskatu du.

Ponentziaren eskaeraren berri eman dute gaur Ernesto Merino, Judit Garcia eta Jon Albizu batzarkideek Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako prentsaurrekoan. Merinoren hitzetan: “Gizarte Politikako Batzordean ponentzia izango litzateke, eta bere helburua Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuari buruzko hausnarketa egitea, eboluzioa aztertzea, arazoak detektatzea eta, oro har, zerbitzuaren diagnostikoa egitea da”. EH Bilduren iritziz, “Ponentziaren ondorioak zerbitzua areagotzea eta hobetzeko ildoak marraztea izan beharko lirateke.”

Jakina den moduan, Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua mendekotasuna duten pertsonentzako funtsezko zerbitzua da, pertsona horiek beren inguru naturalean duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko.

Zerbitzuaren gainbehera oso nabarmen da. EH Bilduren batzarkideek Mendekotasuna duten pertsonen adibidea erabili dute. Zehazki, Foru Aldundiak baimendutako eta udalek erabilitako ordu kopuruen azken lau urtetako eboluzioa azaldu dute: 2012an udalek erabilitako ordu horiek 1.001.013 izan ziren; 2013an, 948.530; 2014an, 915.578; eta azkenik, 2015ean 896.899 ordu. Modu horretan, ikusten da hiru urtetan 104.114 erabilpen-ordu galdu direla; guztira, 2012an erabilitako orduen % 10,4. EH Bilduren ustez, “eboluzioa iraunkorra da eta oso kezkatzeko arrazoiak badaude.”

Hala ere, Merinok argitu du “datuak udalez udal aztertuz gero ikusiko dugu udal guztietan ez dela berdin gertatzen eta, denboraldi horretan, udal askotan erabilitako orduek behera egin duten bitartean, beste batzuetan, aldiz, gora egin dute.” Beraz, “badago zer aztertu, zer hausnartu eta zer berrikusi”, nabarmendu du EH Bilduren batzarkideak.

Zentzu horretan, Merinok gogoratu du “12/2008 Gizarte Zerbitzuen Legeak, eskumen banaketa egiteko orduan, udalei esleitzen diela Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua bere osotasunean (mendekotasuna dutenena zein autonomoena), baina legearen hirugarren xedapen iragankorrak honako hau argi adierazten du: Eskumen banaketaren ondorioz, beharrezko finantza-doiketa egingo da Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen artean...-autonomia, foru- eta udal-mailan hornitzeko finantzaketa nahikorik bermatzeko.”

Zerbitzu honetan udalen papera hain garrantzitsua izanik, ponentzian udalen parte hartzea ziurtatzeko eskaera egin du EH Bilduk. Izan ere, nahiz eta Foru Aldundiak finantzatu, jakina da etxez-etxeko zerbitzua udal zerbitzua dela. Horregatik, EH Bilduk Batzar Nagusietako ponentzietan ohikoa ez den berrikuntza bat proposatu du: ponentziako kide izan dadila udal ordezkaritza bat. Merinok azaldu duenez, “modu horretan ponentziaren kideak Batzarkide Taldeak, Foru Aldundia eta lurraldeko udalen ordezkaritza bat izango lirateke, herri-erakunde ezberdinen arteko elkarlana ahalbidetuz.”

Beraz, begi-bistakoa da zerbitzua gainbeheran dagoela. Gainera, gogoratu behar da zerbitzu horrek enplegu duina sortzen duela sektore feminizatu batean, eta lan merkatu beltzari lehia egiten diola. Hori guztia dela eta, EH Bildu Batzarkide Taldeak ponentzia proposamena aurkeztu du Batzar Nagusietan.